Damutzen ez direnak

Idazlea Itxaso Araque Barriuso da, donostiarra, 1988an jaioa. Haren lehen liburua da; hogeita lau urte zituela idatzi zuen, Agustin Zubikarai saria irabazi ondoren. Idazlea eta itzultzailea da.
Liburuan, hiru istorio kontatzen dira, haien artean zerikusirik ez dutenak. Hiru protagonista agertzen dira eta istorioak hiru leku desberdinetan kokatzen dira: Londresen, Berlinen eta Milanen. Baina beste hiri batzuk ere agertzen dira; Donostia eta Bartzelona, besteak beste. Hiru protagonistek badute gauza bat amankomunean: hirurak hogeita hamar urteren bueltan daude, eta konturatu dira gazteagoak zirenean izan zituzten idealak, ametsak eta zaletasunak galdu dituztela, eta gaur egun bakoitzak bizi duen egoera ez datorrela bat haiekin; eta hor daude hirurak jakin ezinik aurrera edo atzera egin.
Stuart Londresen bizi da, cityan lan egiten du, Goldman Sachs inbertsio-bankuan, eta goraka doan exekutibo bat da. Ikasten zegoenean, haren helburua ez zen horrelako lanpostu bat lortzea: berak unibertsitateko irakaslea izan nahi zuen. Baina kitatzeko zuen zor baten aitzakiaz lanpostu hori urtebeterako hartu bazuen ere, jadanik zortzi urte igaro dira eta hor jarraitzen du. Haren neska-lagunak ere utzi egin zuen, izaera goitik behera aldatzen joan zitzaiolako. Cityko giroak xurgatu egin du. Stuart eroso mugitzen da mundu horretan, baina, azken boladan, kezkak ageri zitzaizkio, eta, pertsonalki, hutsaren hurrengo sentitzen da.
Andreas Berlinen bizi den arkitektoa da. Ospe handiko Bergen Studioan lan egiten du, eta arrakastatsua da lanean. Bulegoan, Berlinen eraiki nahi duten Hilton hotel berri baten diseinua egiteko eskatu diote, eta horrek kezkak sorrarazi dizkio, zeren eta hori ez baitator bat ikasketa-sasoian berak zituen asmoekin. Garai hartan, Bauhaus mugimenduan oinarrituta eta haren ildoari jarraituta, arkitektura sozialago bat diseinatzea zen Andreasen xedea.
Naroa kazetaritza-ikasketak egin ditu Bartzelonan, eta han bizi da bere mutil-lagun italiarrarekin. Horri kargu handiko lanpostu bat eskaintzen diote Milanen, eta bertara joatea proposatzen dio Naroari. Milanera heltdutakoan, Naroak jakin du lanpostu hori eta haren familiak bizi duen egoera oparo eta onuragarria alderdi politiko batekin duten loturatik datorkiela. Naroa zalantzatan dabil: Milanen geratu, edo mutil-laguna utzi eta Donostiara itzuli, hor ezagutu duen idazle intelektual batekin hasiberria duen harremanari eusteko.

Hasieran, nahiko zaila egiten da istorioen muinean sartzea, hiru istorioak ez direlako jarraian kontatzen, aldi berean baizik. Gainera, istorio bakoitza pertsona desberdin batek kontatzen du: Stuartena, neska-lagun ohiak; Andreasena, narratzaileak –idazleak–, eta Naroarena, berak kontatzen du.
Idazlea gaztea izan arren, dokumentazio-lan handia egin du, liburuan aipatzen diren gaien inguruan ekarpen mamitsuak eta hausnarketa sakonak eta interesgarriak egiten dituelako. Besteak beste, gentrifikazioa, emakumearen egoera lan-munduan; bereziki,  goi-mailako postuetako edota alderdi politikoen azpijoko eta trikimailuak jorratzen ditu.
Liburu gmendagarria da, eta ez bakarrik gazteentzat. Edonork egin dezake bizitzako edozein unetan bere egoeraren inguruan hausnarketa bat, eta erabaki edo daukanarekin aurrera egitea edo garai batean izan zituen ilusioak eta xedeak berreskuratzea. Neurri batean, egindako aukeraketa baten ondorioa da norberak bizi duen egoera, baina egoerak ez dira aldaezinak. Damutzea edo ez damutzea gure baitan dago.
Ainhoa (2018
)


Damutzen ez direnak liburua 2012. urtean Itsaso Araque idazle eta itzultzaile donostiarrak idatzi zuen. Idazle donostiar gazte honek  idatzi duen liburu bakarra da.
Hiru pertsonaiaren istorioak kontatzen dizkigu. Hiru gazte (Naroa, Stuart eta Andreas), hiru hiriburu, hiru lanbide eta hiru istorio. Pertsonaia bakoitzaren istorioak kapitulu guztietan uztartzen ditu. Naroaren istorioa lehenengo pertsonan kontatzen du; Stuartena, bigarren pertsonan, eta Andreasena, hirugarren pertsonan.
Pertsonaietako bakoitzak unibertsitate-garaian izan zituen gogo edo nahiak gaur egun dituenekin konparatzen ditu.


Naroa donostiarra da. Kazetaritza ikasi zuen eta bere ametsa gidoiak idaztea da. Bartzelonan bizi da Marcorekin, bere mutil-lagunarekin. Ez ditu batere argi Marcorenganako sentimenduak. Donostiara datorren bidaietako batean, liburu baten aurkezpenean liburuaren egile Amets ezagutzen du, eta             maitasun-harreman bat hasten du berarekin. Horrek Marcorenganako sentimenduak oraindik gehiago nahasten dizkio. Marcori Italian lan-eskaintza bat egiten diote eta Naroak berarekin joatea erabakitzen du. Italian ohartzen da   haurdun dagoela eta ez duela Marco maite, Marcok berak ematen dion babesagatik jarraitzen duela bere ondoan.


Stuart Exeterrekoa da, baina Londresen bizi da. Irakasle izan nahi zuen baina banketxe batean egiten du lan. Neska-lagunak utzi egin zuen, lanean hasi zenetik ez zelako berak harremanaren hasieran ezagutu zuen mutil hura. Neska-lagunak utzitako desamodio-hutsune hori betetzeko, bere lana bizitzaren ardatz bihurtzen du, lanarekin hutsune hori beteko duelakoan.


Andreas Berlinen bizi den arkitektoa da. Enpresa garrantzitsu batean egiten du lan.  Alemaniako herri txikietako garrantzi gutxiko eraikinak  diseinatzen ibili da. Bat-batean, Berlinen eraikiko den Hilton hotela diseinatzeko proiektua eskaintzen diote. Proiektuan lanean dabilela, ohartzen da berak         arkitektura-ikasketak hasi zitueneko gogoak eta gaur egun egiten ari dena ez datozela bat. Horrek buruhauste handiak ekarriko dizkio.
Gazteei zuzendutako liburua bada ere, gaztea zein heldua izan daiteke liburuaren irakurlea. Eguneroko gaiak dira, lotura handia dute gaur egun askok eta askok bizi ditugun egoera pertsonalarekin, maitasun-egoerarekin,            lan-egoerarekin eta abarrekin. Gurasoek euren garaian izandako nahiak    seme-alabek betetzen dituzte eta gurasoen amets horiek lortzeko bidean hainbat kontu alde batera utzi behar izaten dituzte.


Laura Korta (2017)

 

Itxaso Araque Barriuso Donostian jaio zen, 1988an. Idazlea eta itzultzailea da, eta Augustin Zubikarai bekari esker idatzi zuen bere lehenengo eleberria, Damutzen ez direnak (Elkar, 2012).
Liburua hiru ardatz nagusitan banatzen da: hiru gazte, hiru lanbide, hiru hiri. Denak 30-35 urte bitartekoak, unibertsitatean izandako nahiak gogora datozkie eta egun duten egoerarekin konparatzen dituzte.
Naroa: kazetaria, inoiz gidoiak idatzi nahi izan zituen; Bartzelonan, Milanen eta Donostian pasatzen ditu bizipenak.
Andreas: arkitektoa, estudio batean egiten du lan; proiektu garrantzitsu bat enkargatzen  diote, haren idealen kontra dagoena.
Stuart: goi-mailako lanpostu bat du Londreseko inbertsio-banku batean, baina irakasle izan nahi zuen.
Egitura aldetik, kapitulu bakoitzean hiru istorioen zati bat kontatzen digu. Pertsonaiak ez dira ordena jakin batean agertzen atal bakoitzean, baina horrek dinamismoa ematen dio liburuari.
Naroaren istorioa lehenengo pertsonan kontatzen du Itxasok. Horrek beste istorioen gainetik garrantzia ematen dio, baita hurbiltasun sentsazioa ere. Andreasena 3. pertsonan idatzi du idazleak, eta, horrela, urruntasun kutsua eman. Stuarten istorioa 2. pertsonan kontatzen du, neska-lagun ohiaren eskutik, eta dekadentzia- edo tristezia-puntu bat ematen die bizipenei.
Gustura irakurtzen den liburua da; egoerak deskribatzeko egiturak arintasuna ematen dio. Hiru pertsonaiak haien bizitzaren une kritiko batean aurkitzen dira, eta norantz egin aukeratu behar dute, atzerantz begiratu eta unibertsitatean izandako nahiak oroitu bitartean. Damutzen dira hartutako erabakiez?
A.I., 2016


Itxaso Araque Barriuso 1988an jaio zen Donostian.  Itzulpegintza ikasi zuen Gazteizen, eta  egun, Ingalaterran dabil lanean eta ikasten, Londresen eta Cambridgen.
Haren lehen eleberriak, Damutzen ez direnak, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletzeak antolatuko Augustin Zubikarai bekaren bigarren deialdia irabazi zuen.
Hiru istoriok osatzen dute nobela; istorio bakoitza leku batean gertatzen da: lehenengoa Berlinen, bigarrena Londresen eta hirugarrena Bartzelonan.
Londresen kokatuta istorioko pertsonaia nagusia Stuart da, Goldman inbertsio bankuko exekutiboa. Neska-lagunak utzi zuenetik haren bizitza pertsonala  hutsaren hurrengoa da.
Berlingo narrazioko pertsonaia nagusiak, Andreasek, arkitektura ikasi du, eta arkitektura sozial baten aldekoa da. Oso jarrera kritikoa erakutsiko du Berlinek denbora gutxian izan duen itxuraldaketarekin.
Bartzelonan kokatutako istorioak  Naroa du pertsonaia nagusi, neska gazte eta donostiarra; mutil-lagunarekin jarraitu edo ez zalantzan dabil.
Nobelak 24 kapitulu ditu, eta kapitulu bakoitzak hiru istorioetako pasarteak uztartzen ditu.
Eguneroko gaiak aurkitzen ditugu eleberri honetan; irakurtzeko erraza eta freskoa, benetan gomendagarria. 

Joseba