Deborah hondartza bakarti batean

 

Aspaldidanik ez nuen euskaraz idatzitako libururik irakurtzen, testuliburuak izan ezik. Liburua aukeratzerakoan, zalantza bat baino gehiago izan nituen; ez nekien nondik hasi, egia esan. Pentsatu nuen gaurko gazteen arazoak jorratzen dituen libururen bat aukera ezin hobea izango zela, eta klaseko lagun batek Pako Aristiren Deborah hondartza bakarti batean gomendatu zidan. Izan ere, esan zidan institutuetan osagarrizko irakurketa moduan erabiltzen dutela eta, orokorrean, ikasleen gustukoa dela.

Liburu honetan, Pako Aristik ahaleginak egin ditu, neska baten istorioaren bidez, gazteen betiko kezkak eta nahiak azalarazteko, baita gaurko gizarte-arazoak ere
–migrazioen ondorioak, adibidez –. Idazleak gazte baten bilakaera erakusten digu liburuaren bi zatitan.

Lehenengo zatian, Deborahk, 18 urteko haurdun dagoen neskak, eguneroko bizipenak kontatzen ditu: etxea utzita, bakardadearen sentimendua, gogorapenak, guraso eta lagunen falta, lehenengo amodioak… Hasiera honetan, protagonistaren barne konfliktoak eta zalantzak erakusten dira, baita nola hasten den lehenengo erabakiak hartzen ere. Egia esanda, Aristik, trebetasun handiz, osatzen du gazte baten kronika, iraganeko eta egungo istorioak nahastuz. Bidean, Mahmud Magrebeko gaztea ezagutzen du hondartzan, bere istorioa kontatzen dio eta horrek barne erabakia sendotzen laguntzen dio.

Liburuaren bigarren zatiak Deborah berria erakusten digu, neska ausartagoa, bere ideien eta semearen alde borrokatzeko zeharo prest dagoena. Mahmudi esker, arazoei aurre egiten ikasten du.

Irakurketaren bitartez, Aristik erabilitako sinbolo eta elementu deigarriak topa daitezke: kaioa, hondartzako bazter guztietako lekukoa eta askatasunaren ikurra; animalien erreferentziak (kukua, trikua), bizitzaren kontrako bi aurpegiak adierazteko; protagonistaren izena (Deborah) ez da kasualitatezkoa, esanguratsua da, Bibliako emakume indartsu baten izena baita.

Pako Aristi egungo gazteez mintzatzen da, eta haien arazoez, ideiez eta batez ere haien bizitzaren oztopoez. Pako Aristi euskal haur- eta gazte-literaturaren erreferente bat da (Patxi Zubizarreta eta Anjel Lertxundirekin batera, besteak beste), eta haren liburuen irakurketa gomendagarria da, bai gazteentzako, bai helduentzako.

Isabel (2016)