Dianea & Koplak


Juan Perez Lazarragak 1567an Madrilen idatzi zuen eskuizkribu bat da. Galduta egon da, 2004an Madrilen trapero baten etxean aurkitu zen arte. Dianea artzain-nobela bat da eta Koplak, izenak dioen moduan, bertsoak. Horretaz aparte, alboko poema batzuk ere baditu liburuak. Koplen eta poemen gai nagusia sasoiko gortesau-maitasuna da, eta beste poemak erlijiozkoak, burlazkoak, kronikazkoak eta errefrauzko bat.
Patri Urkizu ikerlari bikainaren edizio honetan, idazleari, sasoiari eta obrari buruzko datu interesgarri asko aurkituko dituzue. Gainera, irakurketa errazten laguntzeko ohar asko dago orri-oinetan, eta liburuaren amaieran hiztegi bat. Girotzen laguntzeko, argazki batzuekin eta eskuizkribu originalaren fotokopiekin  amaitzen da liburua.
Lazarragaren obraren aurkikuntza oso garrantzitsua izan da euskal literaturarentzat, errenazimentuko hutsunea betetzen lagundu diolako. Kontuan hartu behar da Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae poema liburua eta Leizarragaren Bibliaren itzulpena baino ez ditugula, eta biak ala biak Iparraldekoak; Lazarraga, beraz, Hegoaldeko hutsunea betetzera etorri zaigu.
Mendebaldeko euskaran idatzita dago, eta, nire ustez, horixe da gauzarik interesgarriena; aipatzekoak dira, era berean,  horko arkaismo polit askoak, hala nola gaur egun galduta ditugun aditz trinko batzuk. Gainera, malgutasunez jokatzen du gaztelaniarekiko: behar duenean, lasai asko erabiltzen du, izenburuak idazteko, adibidez, edota, hitzak aukeratzean, gaztelaniatik hartutako mailegu askoren alde egiten du.  .
Amaituko dut esanez, garrantzitsuagoa iruditu zaidala idazleari buruz ikasi dudana obra bera irakurtzea baino: hamazortzi urteko idazle baten aurrean gaude, euskarari merezi zuen tokia eman nahi izan zion idazlea, inperio espainoleko eliteko beste idazle batzuekin harreman literarioa izan zuen idazlea. Ia bostehun urte igaro dira, baina oso modernoa iruditzen zait. Gora Lazarraga!

Arrate