Edo zu edo ni


Graziana Barrenetxea 58 urtek  emakume tradizionala da: 30 urte daramatza ezkonduta, bi seme-alaba ditu, ez du etxetik kanpo lanik egiten, zintzoa da, langilea da, maitekorra da. Baina haren bizitzan bizirik irautea eta ilusio falta dira nagusi.
Egun batean, bizitza guztiz aldatzen zaio. Proposamen desberdin bat jasotzen du: autobusez hiru eguneko bidaia bat leku ezezagun bat (Okabe)ezagutzeko.
Hasieran zalantzak ditu: urteak betetzen ditu, hainbeste egun etxetik kanpo, nola moldatuko diren senarra eta seme-alabak bera gabe. Ez daki zer egin, baina Marisa lagunak animatzen du.
Grazianak, Anjel autobuseko gidariarekin Okaberako bidaian, amodioa, erotismoa, desioa, ilusioa-eta aurkitzen ditu. Horiek ez zeuden Grazianaren hiztegian, baina bai, ordea, “Ge Be emakume berri ezezagun horren bizitzan”.
Marisa lagunarekin bisitatzen duen herrian, Okaben, Grazianak deskubritzen du kobazulo batean egiten ziren akelarreak eta hango protagonistak: Goiburuako Miguel eta Graziana de Barrenechea.
Bidaia horretan, Graziana galdu egite  da bere fantasian eta konturatu gabe errealitatetik kanpo hasten da bizitzen, bere ohiko bizimodura itzultzea jasanezina iruditzen zaiolako.
Azkenean, bidaia horretan bere bizitzari buruz egiten dituen gogoetek bultzatzen dute benetako bizitzan bide berri bat hartzera, desilusioa eta desamodioa alde batera uztera. Orduan hasten da Graziana bere bizitzaren hariak mugitzen: benetako alaba Laura ezagutzen, Marisa lagun minaren galera sentitzen, margotzeko zaletasuna berreskuratzen, aspalditik maite ez duen senarra uzten, hegazkinez ihes egiten, bere zoriontasuna bilatzen.
Hau guztia kontatzen digu Ixiar Rozasek bere lehenengo eleberrian. Benetan merezi du irakurtzea; batez ere bakoitzak bere buruari galdetzeko non geratzen diren galdutako ametsak.

Yolanda (2015)