Eguzki beltzaren sekretua


Espainiako gerra zibila amaitzeko eta II Mundu Gerra hasteko zorian dagoen momentuan kokatzen den nobela honetan espioitza eta fantasia uztartzen dira.

Erdi euskalduna eta erdi alemana den espioia da protagonista, Oskar, Bizkaiko frontean hilkintzan edo sarraskian ikasitakoa. Jaurlaritzako zerbitzu sekretuek Parisera bidaltzen dute eta handik Alemaniara, naziek Tibetera egindako espedizio batetik ekarritako zerbait, izugarria bezain sekretupekoa, zer den argitzeko. Zerbait horrek, noski, zerikusi handiagoa du giza alderdi espiritualarekin, alderdi haragizkoarekin baino. Ez da Griala, ez, baina antzeko zerbait.

Oskarrekin batera, baina beste aldean, Del Valle polizia dago, frankista. Harekin batera lanean, alemanak, eta Gestapo. Del Valle pertsonaia Oskarren ifrentzua da eta horrexegatik, hain zuzen, bien artean hainbesteko berdintasun dago. Del Vallek ez baititu begi onez ikusten alemanak, oso traketsak baitira (nobelan behintzat) eta nahiago du bakarrik ibili, haien konpainian baino.

Fikziozko pertsonaiekin batera benetako batzuk nahasten ditu egileak; giroa ere benetakoa da, baina Oskarren abenturak erabat sinesgaitzak gertatzen dira. Istorioa zenbat eta aurrerago joan, orduan eta kontu sinesgaitzagoak eta ausartagoak agertzen dira. Hala ere, badu zerbait erakargarria egiten duena eta amaieraraino bultzatzen zaituena.

Eta uneoro, airean, Wagnerren musika...
Nobela honek balio bi ditu; alde batetik, tamaina egokia du hondartzara eramateko eta berarekin burua ez zaigu gehiegi berotuko eta, bestetik, euskaraz irakurtzeko zaletasuna pizteko aproposa da.
Damaso Azkarate Larrondo, 2016