Elkarrekin esnatzeko ordua

Kirmen Uriberi Elkarrekin esnatzeko ordua idazteko ideia, alde batetik, amarengandik datorkio. Ikerne Letamendi Kirmen Uriberen amaren txikitako laguna zen, eta Kirmenek txikitan sarri entzunda zuen Letamendi-Urrestitarren istorioa. Bestetik, Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren iloba Kirmenen laguna da, eta haien istorioa konta zezala eskatu zion.
Hortaz, istorio erreal bat berreskuratu du Kirmen Uribek eleberria sortzeko, eta gurekin lotura handia duen iraganera hurbildu gaitu. Antonio Gezalaren Noche de artistas en Ibaigane (1927koa) koadroa erabiltzen du istorioa denboran kokatzeko eta kontatzeko: aratusteak dira, eta mozorro-festa bat dago Ibaigane jauregian. Musika-talde bat ari da jotzen, eta  tronpeta-jolea da liburuko protagonista; Txomin Letamendi, hain zuzen.
Garai hartan, Txominek Bilboko Orkestra Sinfonikoan lan egiten zuen; oraindik ez zuen ezagutzen Karmele Urresti, geroago emaztea izango zuena. Beraz, liburuak dihardu gerren mehatxuak alde batera uzten jakin zuen emakume baten indarraz eta idealen alde borrokatu beharraz.
Eleberriak Txomin Letamendi musikariaren (Eusko Jaurlaritzako espia Bigarren Mundu Gerran) eta Karmele Urresti (ondarrutar erizaina) emaztearen bizitza gorabeheratsua kontatzen du. Letamendi milizia errepublikano bateko komandante izendatu zuten, eta, Gerra Zibilean Bilbo erori ostean, Frantziara erbesteratu zen. Hantxe ezagutu zuen Karmele emaztea, hura ere erbesteratua. Biak izan ziren Errepublikaren alde laguntza bila Europan zehar bidaiatu zuen euskal kultura-enbaxadaren parte (Eresoinka).
Paris nazien esku erori aurretik, bikoteak Caracasera egin zuen ihes. Han, Jose Antonio Agirrek erreklutatu zuen garai hartan Estatu Batuetako inteligentziarekin batera aritzen ziren euskal zerbitzu sekretuetarako.
Bigarren Mundu Gerran, familia Europara itzuli zen, Agirre lehendakariak eskatuta, eta Letamendik nazien kontrako espioitza-lanak egin zituen, Bartzelonan atxilotu zuten arte.
Eleberria egiteko hainbat material bildu ditu idazleak: biografiak, egunerokoak… Eta dokumentazio horrek guztiak sinesgarritasuna ematen dio nobelari. Benetan hunkigarria izan da niretzat liburua irakurtzea; batez ere, istorio erreal batean oinarrituta dagoelako. Erbestean bizitzearen gordintasuna islatzen da une oro, eta baita idealen alde borrokatu zirenen indarra ere. Horrek barne zurrunbiloa eragin dit, jakina, ze gugandik hain urrun ez dauden guden ondorio latzak sentitu ditut neure larruan eta barruan.
Liburuaren izenburua oso esanguratsua iruditu zait, benetako amodioaren isla.
Gehien azken zatiak hunkitu nau… Beraz, liburua irakurtzera animatzen zaitut!!!
Izan zirelako gara, garelako izango dira.
Ziortza (2018)