Erraiak

Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian, definizioaz gain adibide hau irakur dezakegu errai hitzaren sarreran: «Bihotz-erraietatik dariola mintzabeharra».
Horixe da, hain zuzen, eleberriaren abiapuntua: pertsonaia nagusiaren barrunbeak husteko premia larria (zenbait pasartetan, lizuna), bikotearekikoa bukatu ondoren. Protagonista (neska gazte bat) hausturaz baliatuko da izandako beste harreman batzuk gogora ekarri eta, bide batez, gaur egungo gazteen giroa eta ikuspegia azaleratzeko.
Argumentuak, berez sinplea dirudien arren, bidea ematen dio idazleari gai gordin batzuk aurkez diezazkigun; alkohola, emakumeen egoera, gazteen bizi-baldintzak eta gizakion mendeko harremanak, besteak beste.
Danelek, ezinbestez, pertsonaiari sinesgarritasuna eman nahian, arriskatu eta diskurtso jorian esaldi luzeak eta bakarrizketaren teknika erabili ditu. Testua kultur erreferentzia aberatsez josia dago, eta liburuan zehar egindako ohar ironiatsuak bukaeran agertzen dira azalduta, narrazioari kontrapuntua emanez.
Bukatzeko, nahiz eta hasieran irakurketa apur bat zaila izan eta azaleko irudia gordinegia iruditu, esan dezagun merezi duela bukaeraraino irakurtzea: proposamena interesgarria eta ausarta da.(2016)


Danele Sarriugartek XV. Igartza saria jaso du lan honi esker. Protagonistak bere barneko hausnarketak, ideiak, egonezinak eta sexualitatea islatzen ditu, Y. izeneko mutil batekiko haustura abiapuntutzat hartuta.
 Protagonistak Z., X. eta Y. izeneko mutilekin izan dituen amodio-harremanak kontatzen dizkigu, eta galtzaile agertzen da hiru kasuetan.
 Nobelak ito egin nau; esaldi amaiezinak aurkitu ditut (5 lerrokoak), 60 inguru eranskin eta saltsa gutxi.
Beste irakurleen iritziak eta nirea ez datoz bat, baina ez dut nirea aldatuko. Liburua amaitzea kostatu zait, eta ez dut disfrutatu liburua irakurtzen. Agian, beste gauza bat espero nuelako eta ez dudalako aurkitu.

Nekane

 

Danele Sarriugarte idazle gaztea da eta berak irabazi zuen XV. Igartza saria  Erraiak eleberriarekin. Liburuko protagonista neska gazte bat da, eta, etxera heltzean, bikotekideak alde egin diola konturatzen da. Egoera hori abiapuntutzat hartuta, hainbat gairi buruzko gogoeta egiten du: bikote-harremanak, sexu-harremanak, familia (batez ere amaren eta alabaren artekoa), kuadrilla… Nire ustez, oso idazkera ausarta eta gordina erabiltzen du Danelek; batez ere, sexu-harremanei  eta bikote-harremanei buruz asko hausnartzen du. Iruditzen zait ez duela muga edo auto-zentsurarik erabili horrretaz guztiaz idaztean, eta gustatu zait emakume baten ikuspuntua irakurtzea. Beste alde batetik, erabiltzen duen lexikoak, esaldi luzeek eta aipuek asko moteltzen dute irakurketa, eta batzuetan irakurketa astuna iruditu zait. Gai horiei guztiei buruz berak duen idazteko estiloagatik, ikuspuntuagatik eta ausardiagatik, irakurtzea merezi duen liburua da, nire ustez.

Oskar