Eskuetan mapak

Asier Serrano Lasa euskal idazle eta kantugilea Eibarren jaio zen, 1975. urtean. Literatura arloan, narrazioan, eleberrian, poesian nahiz haur eta gazte literaturan jardun du.
Eleberri honek Gipuzkoako mendebaldeko Eibar herrian du kokagunea. Herri iluna, beltza eta tristea. Lau protagonistek (Aitor, Josu, Bizen eta Kepa) gorrotatu egiten dute haiek hazten ikusi zituen herria, zulo batean sentitzen baitira. Musika-talde bat sortu eta bizi ziren zuloa nabarmendu nahian, Zuloan izena jartzen diote taldeari.
Hasiera-hasieratik taldekide baten gertakizun gogorrak —Roka taldekidearen suizidioak, hain zuzen ere— eleberrian kokatzen  zaitu. Gertakizun horren ondoren, Kepa ordezko hartzen dute.
Lau taldekide hauen abentura gorabeheratsuak izango ditugu aztergai. Nobelako pertsonaia garrantzitsuenak hauexek  dira:
Aitor. Protagonista nagusia. Zuloan taldeko joan-etorriak azalduko dituen partaidea. Roka lagun minaren heriotzak bere bizitzan ondorioak izango ditu. Keparekin harreman estua izango du baina Keparen neska-lagun Ane agertzen denean, ezagutuko du zer den jeloskortasun sentimendua.
Kepa. Aitorren laguna eta Aneren mutil-laguna. Bere tokia bilatzen ibili arren, ez du oraindik aurkitu.
Josu. Droga da haren mundua, nahiz eta saiakerak egin zerbait aldatzeko.
Bizen. Lagunei homosexuala dela azaltzen die eta gustura sentituko da horregatik. Familian, berriz, tradizioak eta familiaren estatusak ez diote hain erraz jarriko.
Ane. Keparen neska-laguna eta Aitorren lagun mina, Aitorrek berarekin duen harremana horrela ulertu ez arren.
Taldearen gorabehera hauek Euskal Herritik eta Europako herrialde batzuetatik eramango gaituzte eta bertan izango dituzte laguntasunaren, maitasunaren eta drogaren alde gozoak nahiz gogorrak bizigai.
Beste barik, aipatu behar dut oso gustukoa izan dudala nobela hau, eta 90eko hamarkadan nik bizi izandako bizipenak etorri zaizkidala burura.

ENEKO (2017)