Eta emakumeari sugeak esan zion

 

Eta emakumeari sugeak esan zion Lurdes Oñederraren lehenengo eleberria izan zen, 1999an argitaratu zuen eta liburu honekin, 2000an, Euskadi Saria jaso zuen.
Liburu honen istorioa urte betean gertatzen da, atalak urtaroetan banatuta daudelarik.  Urte honetan, Teresa, protagonista nagusia, Europako hiri batera doa senarrarekin eta bertan gaztaroan izandako mutil-lagunaren etxean biziko dira.
Liburuan zehar Teresaren sentimenduak ezagutuko ditugu eta, batez ere,  Teresak pairatzen duen bakardadea. Irakurketa osoan Teresak adierazten du bizitzen ari den egoerari irteera bilatu nahi diola baina ezin duela.
Liburua sakon-sakona iruditu zait, ideia ugariak transmititzen ditu eta. Teresaren gorabeherak sentiarazten dizkigu idazleak.
Liburu honen izenburuak harritu nau, Bibliarekin duen loturagatik. Teresak, Evak bezala, bekatu bat egiteagatik jaso behar duela zigorra uler daiteke eta sentitzen duen bakardadea konponezina dela.
Narrazio estiloa nagusia izan arren, deskripzio eta elkarrizketa batzuk ere erabiltzen ditu. Esaldi ez oso luzeak erabiltzen ditu eta honek irakurtzen laguntzen du.
Hau izan da nire lehenengo aldia idazle honekin, liburuaren pasarte batzuk  gustatu bazaizkit ere, apur bat astuna egin zait, protagonistaren tristezia eta ezinegonak nekatu egin naute beste pasarte batzuetan. Liburua nahiko ezkorra da, eta horrek ez du laguntzen nik inori gomendatzeko.

Rakel, 2016