Euli-giro

 

Oso ipuin originalak iruditu zaizkit. Misteriozko aura batek inguratzen ditu guztiak, eta, amaitzen dituzunean, istorioak irekiak direnez, galderak sortzen zaizkizu. Modu horretan, Uxuek irakurlearengan bilatzen duen konplizitatea lortzen du.
Nire ustez, ipuinetako gaiak gizakiaren alderdi negatibo eta konplexuetan oinarrituta daude: bikoteen, ahizpen eta ama-alaben arteko harreman konplexuak;  erotasuna; ezkortasuna;  buru-hiltzea; depresioa; jazarpen eta menpekotasuna… Guztietan azaltzen dira jakin-mina, urduritasuna, larritasuna, harridura… Umore beltza ere ageri da ipuin batzuetan.
Uxuek oso ondo islatzen du egonezina. Pertsonaiak arin eta zehaztasunez karakterizatzen ditu xehetasun sotilak  eta hizkuntza aberatsa erabiliz.
Fatima (2018)


Liburu hau bederatzi ipuinez osatuta dago. Uxue Alberdik, berak esandakoaren arabera, ez zituen ipuin hauek idatzi liburu bat osatzeko asmoz; horrek esan nahi du ipuinek ez dutela gai komunik bat, baina bai konpartitzen dutela tonua: ezinegon-tonua.  Idazleak aitortu zuen, egin zioten elkarrizketa batean, ezinegon hori zela irakuleengan sorrarazi nahi zuen sentimendua.
Larritasun-sentsazio hori lortzeko, idazleak, batzuetan, errealismo magikoaz baliatzen da (“Dena ez dago gure eskuan”), eta beste batzuetan, surrealismo kafkiarraz (“Ondo lo egin”).
Alberdik umore beltza ere erabiltzen du kritika soziala egiteko, “Opariak” ipuinean ikusten den bezala baserriko familia handi bat deskribatzen duenean.
Kritika soziala antzematen da laneko giroa deskribatzen duenean ere, “Ezertan lagun diezazuket” eta “Distopia literarioak” ipuinetan, adibidez. Kritika hori ez da zuzena, beti ere, protagonisten bizipenak izanik, ez dakigulako pertsonaien obsesioak diren, neurosiak jota dauden, edo errealitate objektiboa den: idazleak guri uzten digu erabakitzen.
Ezin dut esan disfrutatu dudanik narrazio hauek irakurtzen, idazleak nirekin lortu duelako lortu nahi zuena, alegia, urduritasun eta ezinegon hori sentitzea ipuin guztietan; baina bai esango dut primeran idatzita egon behar direla hori lortzeko, eta ipuin hauek, nire ustez, bikainak dira.
Sole, 2017

 

Bederatzi ipuin laburrez osatutako liburua da Euli-giro, Uxue Alberdik idatzitakoa.  Izenburuak berak  iragartzen du istorio horien berezitasuna.
Emakumeak dira protagonistak. Bakoitzak bere egoera, bere bizitzaren ezinegonak, gaixotasunak, arriskuak, traizioak… deskribatzen ditu modu arin eta erakargarrian.
Pentsarazten diguten ipuinak, jakin-mina sortzen diguten istorio laburrak eta intentzioa deszifratzeko gogoa pizten diguten aparteko kontakizunak dira  liburu honetan agertzen direnak.
Baina zergatik euliak? Zer sinbologia edo lotura dute ipuin sorta honekin? Hain molestagarriak direnez, gure bizitzaren ezinegonak, zalantzak, penak, desilusioak adierazten dituzten sinboloak dira?
Benetan gozatzeko moduko liburua da, lehengo mementotik harrapatzen gaituzten istorioak dira.
                   
Yolanda Izquierdo (2016)


Euli-giro Uxue Alberdik idatzitako azkeneko ipuin-liburua da. Emakume-begirada ezberdinek ehundutako 9 narrazio borobilek osatzen dute liburua, ustekabez eta ezustekoz betea.
Ez da lotarako ipuin-sorta, aztoramen eta ezinegon giro bat sortzen baitu. Ipuin bakoitza amaitzerakoan, liburua altzoan laga eta, arnasa hartuz, irakurritakoa errepasatu behar izan dut istorioan zer gertatu den harrapatu guran. Ipuin batzuetan errealismo magikoaren eragina igartzen da: hiriko neska haurduna mutilaren familiaren baserrira bisitan doan ipuinean, edo bere bulegoan kanpotarra dirudien abokatuaren ipuinean, besteak beste; beste batzuetan, Kafka datorkigu burura, ama txakur bihurtzen den horretan, adibidez.
Ipuin guztiak desberdinak dira, baina badute elkarrekiko lotura: euli-giro itogarri eta iluna da nagusia. Baina, zer dira euli horiek?  Gure beldurrak, gure ametsak eta obsesioak, eta liburuaren helburua honetan datza: ea pertsona bakoitzak zelan kudeatzen dituen bere euliak. Uxueren hitzetan:  “batzuek euliak akabatu egiten dituzte, beste batzuk haiek uxatzen saiatzen dira eta badira eulien aurrean errenditu eta haiekin bizitzen ikasten dutenak” Uxuek dio bera astinaldika ibiltzen den horietakoa dela, euliak akabatzen ausartu gabe eta errenditzen ikasi gabe.
Eta zuk? Zuk zer egiten duzu zure euliekin?
Angela (2015)