Eulien bazka

Liburu bat hartzean, egiten dugun lehenengo gauza azala begiratzea da. Kasu honetan, azalak arreta deitzeko funtzioa soberan betetzen du, eta, liburua irakurri ondoren, ikusten duzu protagonistaren eta eulien arteko harremana oso estua dela.
Eleberri honetan, pertsoniarik nagusiena Damian Arruti entomologoa da, eta, bere lanbideari esker, poliziarekin lan egiten du hilketak ikertzeko. Kartzinoma bat diagnostikatzen diotenenan hasten da istorioa, eta ez da kasualitatea izango gai berarekin liburua amaitzea. Aldi berean, poliziak laguntza eskatzen dio, emakume baten gorpua agertu delako. Ikertetak egitean, Damian jabetzen da bere emazte ohiaren gorpua dela. Hortik aurrera, ikusten da protagonistaren iragana ez dela oso argia izan, eta bizitzak utzitako orbain batzuk ez dituela guztiz sendatuta.
Hasier Etxeberria idazleak ideia horiek guztiak harilkatzen ditu oso estilo txukuna erabiliz. Hori dela eta, oso erraza da nobela hau irakurtzea, eta amaiera arte harrapatzen zaitu.
Amaitzeko, hasieran aipatu dudan bezala, Damianen eta eulien artean oso harreman estua dago. Hori dela eta, ausartuko nintzateke haien bizitzen artean konparaketa egiten. Hauxe da: Damianen bizitza euliena bezain laburra izango da, Damianen ustean gaixotasunak hilko baitu; bien bizitza kakaz inguraturik dago, Damian oso zoriontsua ez delako, eta biak gaixotasun- eramaileak dira, batez ere berarekin zoriontsua izatea ezinezkoa dela pentsatzen baitu Damianek.
Mª Paz Casal ( 2017)

 

Liburu hau CSI telesail euskalduna da. Damiani kartzinoma bat duela esaten diotenean hasten da, nahiz eta diagnostikatu dioten hori —airean dagoena momentu guztietan—, ez den eleberriaren argumentua.  Kontatzen dena zera da: hilketa bat, Damianen emazte ohiaren hilketa, eta zelan Damianek, entomologo batek, laguntzen dion poliziari hilketa hori argitzen. Amodioak, sexuak, ETAk eta beste hainbat kontuk korapilatzen du dena.
2003an girotuta dago, orduko Donostia aldeko kontuetan ondo girotua. Erraz irakurtzen den liburua da, laburra. Hori izango zen ziur aski niri gomendatzeko arrazoia. Pertsona aditu batek gomendatu zidan eta oso ondo egin ere, gustatu zitzaidalako eta nik ere gomendatuko nukeelako. Eta hala egiten dut: irakurri Hasier Etxeberrian Eulien bazka, arratsalde baten egiteko modukoa da eta.
Pasartetxo bat jarriko dizuet ondoren: «Hilda hago, pentsatu zuen Damian Arrutik, harriak baino hilago. Hilda zeharo. Neguaren azken eguneko arrats umela eta hotza zen Donostiako Poliklinikako aparkalekuan. Eguraldi zakurra. Eguraldi tigrea eta eguraldi krokodiloa. Denak batera egiten zituen. Arratseko zortziak eta hogei. (…) Ez daukak itzultzerik. Ezin duk deus. Ezin duk atzera egin. Ezer ez zegok jada hire esku.»

Iñaki

 

Liburua lehenengo aldiz hartzen duzunean, izenburua irakurtzen duzu, eta zeure buruari galdetzen diozu: zer demontre esan nahi du?
Alde batetik, euli hitza:  hemengo literaturan, sarritan, metafora bezala erabiltzen den hitz bat da, baina idazle bakoitzak esanahi desberdin bat asmatzen duenez testuingururik gabe ez dago ulertzerik. Gero, liburua irakurri ahala, agerian geratzen da nobela beltza dela, eta  euliek haien protagonismoa hartzen dute.
Teknika aldetik esaldiak oso laburrak dira, hitz solteak sarritan; perpaus-elkarteak ez dira agertzen apenas. Damian Arruti, protagonistari bururatzen zaizkion ideiak hitzez hitz idatzita ikusten dira. Ez dago elkarrizketarik; zehar galderak eta, batez ere, zeharkako estiloa erabiltzen du idazleak.
Protagonistaren bitartez, existentzialista itxura ematen dio idazleak eleberriari, modu erraz batean. Lexikoa ulergarria da oro har; orri batzuetan eulien izenak latinez agertzen dira, baina hori izan ezik, beste lexiko guztia oso arrunta da. Izen-abizenak, tokiko lekuak aipatzen ditu idazleak, baliagarriak izango dira gero argumentua ulertzeko.
Noizean behin, sumatzen da idazlea kazetaritzatik hurbil dagoela. Hain zuzen ere, Hasier Etxeberriak iritzi-artikuluak argitaratzen ditu bai aldizkarietan, bai egunkarietan, beraz, kutsu hori garbi eta garbi ikusten da Eulien Bazka eleberria irakurtzean.
Nobela hori irakurterraza, dinamikoa da, eta amaiera arte harrapatzen zaitu.  Entretenitzekoa da.


Marina