Ez naiz ni

Aparteko ezer ere ez zaie gertatzen ipuin hauetako pertsonaia nagusiei –bizitza−; ez da gauza makala! Bizitzaren gorabeherak dira 12 ipuin, edo narrazio labur, hauen ardatza: hartutako edo hartu beharreko erabakiak; maitasuna, sexu-harremanak, amatasuna, bikotea, familia edota lagun arteko harremanak; aukeratutako bizilekua; oroitzapenak; osasuna, gaztetasuna, zahartzaroa...
Pertsonaiak, gehienak emakumeak, adinez helduak dira, ez gazteak, ez zaharrak; hortxe: bizitzaren erdian. Barealdian edo parentesien artean daudela irudikatu daiteke. Heldutasunera heldu dira, gaztaroa gaindituta, eta, nolabait esateko, garai horietako aukera edo erabaki inportanteak hartuta, edo hartzear. Lasai bizitzeko aukera dute, zeren eta inork ez du aparteko arazorik, baina... nortzuk dira? Bete dituzte euren ilusioak? Defendatzen zituzten balioak edo bizi estiloa gorde dituzte? Bikotea? Eta, seme-alabak, zer? Lortu dute nahi zutena?
Liburuan, sarritan, erreferentzia egiten zaio iraganari. Zenbait momentutan pentsa daiteke, protagonistei iraganean gelditu zaiela zoriontasuna, gaztaroarekin batera; ipuin guztietan ematen dira zenbait egoera,  zailtasunak edo mugak gainditzeko gaitasuna edo indarra adierazten dutenak.
Erabiltzen den hizkuntza nahiko erraza, hurbila iruditu zait; era berean, transmititzen diren sentsazioak edo sentimenduak ezagunak izan daitezke edonorentzat. Horretarako, idazleak detaile txikien bitartez gogorarazten dizkigu beste momentu, pertsona edota sentimendu batzuk: usainak, froga medikuak, sokan eskegitako arropak, larruzko prakak, lagun baten bisitaldia... Sarritan detaile horiek istorioaren norabidean erabakigarriak suertatzen dira.
Istorioak irekita daude norberak nahi duena imajinatzeko, zer gertatuko ote zitzaion urliari? sandiaren alabari...? Eta berendiak, beharbada buelta eman eta aspaldiko lagunari lagunduko zion...?
Ez dakit... ez naiz ni eta.
Idoia, 2017

 

Ipuin liburu bat dakarkigu Karmele Jaiok, hamabi istorioz osatua. Protagonistak 40 urteren inguruan dabiltza  eta gehienak emakumeak dira. Ipuin hauetako pertsonaiak gaztetasunaren azken izpia berreskuratu gura dute, guztientzat zailena da zahartzen hasi direlako emozioak nahiz sentimenduak onartzea.
 Kontakizun guztiak desberdinak dira, baina badute elkarrekiko lotura. Guztiei zeozer falta zaie, gehienek ez dakite zer den, hutsik, triste sentitzen dira. Alde batetik, batzuek jakin min handia sentitzen dute,  jakin nahi dute zergatik eta hausnarketa aktiboari egiteari erreparatzen diote. Beste batzuek, berriz, ez dute ezer egiten, etsitzen dute eta ez dira ohartzen denbora azkar doala.
Ez naiz ni liburuan narrazio zein deskribapen linealak aurkitzen dira istorio bakoitzean, modu arin eta erakargarrian kontatzen dira pasadizo gehienak, sakontzen hauetako gaietan: familia, bikote-harremanak, gure buruarengan auzokideen eragina, sexua, habia uzten duten seme-alabak…
Benetan gozatzeko moduko liburua da; lehenengo mementotik harrapatu nauten istorio laburrez osatuta dagoenez,  oso erraz irakurri dut.
Nieves, 2016

Karmele Jaioren azken liburua, Ez naiz ni, hamabi ipuin laburrez osatua dago. Ipuin guztiak ez badira, ia guztiak, emakume bate  ikuspuntutik idatzita daude, eta emakumezko bat da protagonista. Jaiok ipuin laburrak idazteko zaletasuna du, eta aurreko ipuin liburuen aldean, azkeneko liburu honek gehiago sakontzen du giza harremanetan.
Ipuinak bata bestearen atzetik irakurri beharrean, ipuin bakoitza irakurri ostean hausnarketa txiki bat egitea gomendatzen dut. Horrela, ipuinak gehiago gozatu eta duten mamia ateratzeko.
Ipuin bat aipatzekotan, “Ekografiak” aipatuko nuke. Ipuin hau amatasunari omenaldia da. Emakume batek, bikote gabea, bere kabuz, Etiopiako neskato bat adoptatzea erabakitzen du. Ipuinak Etiopiarako bidaia eta hartutako erabakia dela eta, protagonistak dituen barneko beldurrak deskribatzen ditu. Protagonistaren kezkak eta baita bere ingurukoen aurreiritziak ere agertzen dira, hots, ahizpak, gurasoek, bikotekide ohiak, lagunek… dituzten aurreiritziak.
Liburua gustura irakurri dut: batetik, irakurtzeko erraza delako, idazleak esaldi laburretan eta hitz gutxitan sentipenak azaltzeko gaitasuna agertzen duelako, eta, bestetik, ipuinak emakume baten ikuspuntutik bikote-harremanak garatzen dituelako.


Nerea