Ezinezko maletak

 

Liburu honetan, Juanjo Olasagarre arbizuarrak lagun batzuen istorioa kontatzen digu, baina istorio hori abertzaletasuna eta homosexualitatea jorratzeko aitzakia baino ez da. Eta idazlearen ausardia aipatu behar dut, batzuetan ez delako batere erraza horrelako gaiei buruz hitz egitea edo idaztea.
Liburu honetan, gazte abertzale batzuen pasadizoak agertzen dira. Nafarroako herri batean (Lekunberri) bizi dira, eta, guztiok dakigunez, herri txikietan ez da batere erraza bizitza intimoa izatea.
Liburua ez dago kronologikoki antolatua, eta, flashback ugari dituenez, irakurleak haria gal dezake askotan, irakurtze-prozesua zaildu egiten baita.

Laburbilduz, hauxe da istorioa:
Lagun batzuek jaialdi bat antolatu zuten HBren alde dirua lortzeko. Jaialdia bukatzean, Carlosek (protagonista nagusia) ostadar-ikurra eta pankarta bat atera zituen, “Gora iraultza sexuala!” oihukatzen zuen bitartean.
Gainera, jaialdi horretan beste mutil batekin joan zen pixa egitera, eta, horrela, zakila tente zuela ikustean, baieztatu zion bere buruari homosexuala zela. Geroago, ama hilda, eta, herriarekin inolako loturarik gabe, Londresera joatea erabaki zuen, han libreago biziko zelakoan.
Sexualitateaz gain, Euskal Herrian hain ezagunak zaizkigun gaiak azaltzen dira, hala nola politika, polizia, manifestaldiak, presoak, presoen harrera-ekitaldiak, etab.
Ibilbide horretan, Carlosek, beste lagun batekin zihoala, ETAn sartzeko  proposamena jaso zuen, eta baietz esan zion. Beste egun batean, poliziak lagun guztiak atxilotu zituen, baita jipoitu ere. Gero, herrian, sekulako harrera egin zieten herritarrek, poliziak libre utzi zituenean, frogarik ez zutela eta.
Urte batzuk geroago, Carlos minbiziak jota hiltzen denean, bikotekideak lagunei deitzen die berria emateko, eta Londresko hiletara joaten dira.
Ekintza nagusien artean, beste hainbat istorio txiki azaltzen zaizkigu, Carlosen lagunei gertatutakoak.

Gomendatuko nizuke liburu hau irakurtzea? Bada, zer gustatzen zaizun. Protagonisten sentimenduetan murgiltzea gustuko baduzu, hau izan daiteke zure liburua! Baina akzioaren, suspensearen, intrigaren eta emozio handien zalea bazara, urrundu, liburu honetan ez duzu horrelakorik topatuko eta.
Dani (2018)