Garbiketa

Egia esan, bi gomendio ezberdini esker aukeratu nuen liburu hau, idazlea niretzat zeharo ezezaguna baitzen. Izan ere, Sofi Oksanen finlandiarra da, baina oso ospe handia lortu du Iparraldeko herrialdeetan, eleberrigile eta antzerkigile gisa.

Finlandiakoa izan arren, Estoniaz idazten du, eta, independentzia lortu arte, XX. mendeko Estoniak nahiz emakume estoniarrek bizi izandako zoritxarrak erakutsi nahi dizkigu. Aldi berean, gerra eta diktadura aldietan emakumeen kontrako bortizkeria salatzen du eta gizonek nola erabiltzen dituzten emakume horiek gerra-armatzat.

Antza denez, Sofiren ama Estoniarra da, eta gure idazleak primeran ezagutu zuen deskribatutako giro hori, txikitatik aitona-amonen etxera joaten zelako.

Egiturari dagokionez, bost ataletan dago banaturik, eta atal bakoitza, kapitulu laburretan. Nahiz eta kontakizunak pendulu egitura izan eta denbora aurrera eta atzera jauzika joan, oso erraz irakur ditzakegu tartekatzen diren bi istorioak: Zararena (emakume-trafikatzaileengandik ihes egindako neska gaztea) eta Aliide Truu-rena (landetxe batean bizi den alargun zaharra). Erritmoa hasieran motela da, baina arintzen doa, amaiera ailegatu orduko; kapitulu motzek ere abiadura sortzen dute, eta, konturatu gabe, irakurtzen amaituko duzu.

Ezin da esan liburua polita denik, errealismo osoz eta modu gordinean gertakizun gogorrak  eta krudelak kontatzen baitira. Dena den, irakurtzea gomendatzen diot, batez ere, Historia gustatzen zaion irakurleari. Horrela, Estoniak pairatutako garbiketa politikoa eta militarra, zapaltze militarra eta Siberiara egin ziren deportazioak ezagutuko ditu. Gainera, beste herrialde batzuetako literatura eta haien idazleen berri izateko aukerarik onena da.
Marian, 2015