Golgota


Nahiz eta hasieran pentsatu izenburuak  ez zuela zerikusirik istorioarekin, gero, irakurri ahala, ikusten da oso egokia dela. Alde batetik, Jesu Kristo Golgotan hil zen, baina haraino heltzeko kalbario bat pairatu behar izan zuen.  Eta gauza bera gertatu zitzaion nobelaren protagonistari; izan ere, ia-ia bizitza osoa sufrimenduz eta bakardadez beteta egon zen, aita eta ahizpa nagusia Gerra Zibilean desagertu zirenetik. Bestetik, hebreeraz buru-hezurra esan nahi du, eta desagertutako bi senideren hezurrak berreskuratu zituen protagonistak demokrazia heldu zenean.

Liburuan, Felisaren bizitza kontatzen du Xabier Montoiak, eta, antza denez, benetako emakume bati gertatutakoan oinarrituta dago.  Testuaren abiapuntua gerraostea da, eta argi erakusten da nolakoa izan zen galtzaileen bizimodua Francoren garaian. Irabazleentzat gorriak eta gorrien familiak hiltzaileak ziren, eta, horrexegatik, irabazleek galtzaileei euren bekatuak ordainarazi zizkieten: komentuko nagusiek Felisa moja izatera derrigortu zuten, etxeko jabeek Felisaren ama neskame izatera edo enpresaburuek Felisaren ahizpa langile izatera. Horretaz gain, komentuan sartu zenean, amak eta alabak  traidoretzat hartu zuten Felisa, eta bizkar eman zioten.

Bai Nafarroako monasterioan, bai Pakistaneko monasterioan, isolamendua, bakardadea, mespretxuak eta zigorrak baino ez zuen jaso; haren egoera oso txarra izan arren, ez zen egoera horretatik  irteteko gauza izan. Moja izateari utziz gero familiaren babesik gabe kale gorrian geratuko zatekeela uste izan zuen ahizpa Elenak (Felisa).

Adineko pertsona izanda, kongregazioaren menpe berrogei urte pasatu ondoren askatu zen, eta  ahizparekin elkartu zen berriro; hala ere, galdutako denbora berreskuratzeko berandu samar zen Felisarentzat; hain zuzen ere, ez zen maitasuna eta benetako amodioa aurkitzeko gai izan.

Bukatzeko, kontuan hartu behar da nahiz eta andrearen bizia oso latza izan protagonistak ez zuela denbora guztian negar egiten nobelan; guztiz kontrakoa, bere burua bekataritzat jotzen zuen, eta, beraz, penitentzia moduan hartzen zuen gertatutako guztia (lan gogorrak, baztertua egotea…) inolako kexarik  gabe.

Oro har, Golgota eleberria oso interesgarria da, argi adierazten baita nolakoa den emakumearen egoera bere bizitzan zehar. Kritika bat eginez gero, esango nuke pitin bat astuna dela behin eta berriro gauza bera errepikatzen baita, batez ere azken atalean.

Yolanda