Griot


Duela lau urte Elkar argitaletxekoak nire Institutura etorri ziren, eta Jon Arretxeren Ekialdeko mamuak eta Griot erosi nizkien.
Griot, oraindik, irakurri gabe neukan. Horrela, aprobetxatu dut orain irakurtzeko.
Biak bidaia-kronikak dira, eta liburuen egileak bizikletaz bidaia bat egin ondoren eginda daude. Baina Grioten, protagonista ez da Arretxe, bidean aurkitzen dituen pertsonak baizik.
Estatu honetan, griotak artistak dira, Europako bardoen edo juglarren antzera. Baina autoreak hitz horrekin jokatzen du, turistei ahal duten guztia ateratzeko benetako artistak direla esanez.
Burkina Fason barrena doa Arretxe, eta, batetik, hango bizimodu petrala azaltzen digu, baina, bestetik, hango biztanleen alaitasuna eta atzerritarrekiko abegi ona.
Egileari esker, primeran jakin ditzakegu estatu horretako hainbat erlijio, jarduera ekonomiko eta etnia.
Ondorio bat baino gehiago atera dezakegu: oso herrialde pobrea dela, autokontsumorako nekazaritzan ari direla, ia azpiegiturarik gabe daudela etab. Baina, era berean, egia da, haiek  duten alaitasuna Europan falta zaigula.
Liburua oso erraz irakurtzen da, eta Afrikako benetako aurpegia jakiteko aukera bikaina da.

Eukene (2015)