Habitat

Katixaren bigarren ipuin-liburu honek 2007an Igartza saria jaso zuenean beste izenburu bat zuen arren (Etxetik irten gabe), ideia berbera adierazi nahi izan du: etxebizitzaren inguruan gertatzen diren arazoak. Gaia beren-beregi aukeratua izan da. Lehen liburuari buruzko elkarrizketetan, “teorizatu” beharra eskatzen zioten Katixari; ondorioz, bigarren honetan, etxea aukeratu zuen gaitzat gai orokor batekin galderei erantzutea errazagoa egingo zitzaiolakoan.

Habitat  liburua 6 ipuinez osatua dago. Lehenengoan, “Pijama festa” izenekoan, bi lagun asteburu bat elkarrekin pasatzeko geratzen dira, horietako baten etxean. Bakoitzak bere drama aldean daraman arren, aurrez aurre argi hitz egiteko beldur dira. Hirugarrena “Jaun eta jabe” da; lehen ipuineko pertsonaia sekundario bat eta horrek dituen gorabeherak (etxebizitza berrian, lanarekin, auzokoekin eta bikotekidearekin) agertzen dira. Gainerako lau ipuinek ere, etxebizitzaren gaia abiapuntutzat hartuta, ezagunak zaizkigun hainbat eta hainbat trama azaltzen dituzte: bikote-harremanak, traizioak, autoestimua, euskal gatazka, besteen pentsamendua igartzea, mesfidantza, babesa/babes eza…

Horrekin guztiarekin, idazleak hau  lortu nahi du: ipuinak desfasatuak ez geratzea. Bestalde, argi utzi nahi izan du klasikoa izatea ez zela bere aspirazioa, eta ipuin hibridoak direla, ipuin laburren eta nobelaren arteko zerbait; eta askoz tonu poetikoago batean hau gehitu du: “arnas luzeagoko ipuinak dira…”.

Arnaitz (2017)