Han goitik itsasoa ikusten da

«Ni ez naiz ziklista», adierazten zuen behin eta berriro Roman Alberdik, gure eleberriaren protagonistak. Nik ere esan beharra daukat ez naizela irakurzalea edo ohiko irakurlea, eta hori kontuan hartzekoa da. 
Han goitik itsasoa ikusten dut liburua topatu nuenean, azalak erakarri ninduen, ez nuelako espero txirrindularitza eta literatura batera topatzea. Irakurtzen ari nintzen liburua alde batera utzi, eta berehala hasi nintzen lehenengo orriak irakurtzen.
Eleberrian, bi zati nagusi daude. Lehenengoa, Euskal Herrian eta Alpeetan gertatzen da: bizikleta da giltzarria; bertan, narrazioa oso arin doa eta Roman da protagonista, zalantzarik gabe. Bigarrena, Ema a Ponten, Italian: askoz deskribatzaileagoa da, bigarren mailako hainbat pertsonaia agertzen dira, bakoitza bere istorio txikiarekin.
Kritikoen arabera, Gabiriak nahita ez du narrazio lineala erabili, elipsiak eta kronologian saltoak eginez idatzi baitu eleberria. Nire ustez, teknika horrek informazio ugari galarazi digu. Batzuetan, idazleak nora joan nahi duen ez dakizula jarraitzen duzu irakurtzen. Hala ere, bukaeran argitzen dira, nola edo hala, saltsa guztiak.
Aipatu dudanez, bi zati nabarmen ditu liburuak. Lehenengoan, asko disfrutatu dut, txirrindularitzarekin lotuta dauden pasarteak oso arin irakurri ditut. Nabaria da, Julen Gabiriari ikaragarri gustatzen zaiola ziklismoa, eta pasarte horietan lortu du haren epika azaltzea. Bigarren atalean, ordea, ez hainbeste. Batzuetan galduta jarraitu behar izan dut irakurtzen, nire zalantzak geroago argituko direlakoan.
Ez da gauza oso garrantzitsua nire gustatzea edo ez gustatzea. Niretzat aberasgarria izan da Gabiriak sorrarazten duen hausnarketa: pertsona garrantzitsu edo ospetsuen azala baino ez dugu ezagutzen; haien atzean, milaka lagun daude borrokan, haien iraultza txikia egiten, beti bigarren planoan; baina haiei esker da ezaguna famatu hori.
 
Alvaro Gutiérrez, 2016


Liburu hau gerra aurreko Euskal Herrian eta II. Mundu Gerran sartuta dagoen Italian kokatzen da; bi mutur hauek txirrindularitzak batuko ditu. Gerrak bultzatuta, erbestera doan mutila da Roman Alberdi bizkaitarra, eta handik Italiako Ponte a Ema herrira joango da bizikleta hartuta, heroitzat duen Gino Bartali txirrindulari handia ezagutzera. Toscanako herri hartan gauza batez konturatuko da Roman: benetako heroiak kaleko jendea direla.
Aipatu beharra daukat, oso erraz irakurtzen dela liburua hau, nahiz eta hasieran kontatzen diren istorio batzuek irakurlea nahasten duten. Euskara batua darabil liburu osoan zehar, baina, aipatutako hasiera horretan, bizkaiera ere bai. Nire ustez, freskotasuna eta errealismo kutsua ematen dio liburuari hizkuntzaren erabilera horrek.
Liburuaren gaia oso interesgarria iruditu zait. II. Mundu Gerran sartuta dagoen Italia erakusten digu Julen Gabiriak: Toscanako Ponte a Ema herrian gertatzen diren iraultzak, herriko bitxikeriak eta sekretuak, besteak beste. II. Mundu gerrari buruz banekien zerbait, baina Italian geratu zenari buruz, konkretuki, ezer gutxi.
Oro har, asko gustatu zait eta edonori gomendatuko nioke: erraz irakurtzen da, gai interesgarria lantzen du eta freskotasuna dario. Kritika txiki bat egitekotan, amaierari buruzkoa izango litzateke. Zatika-zatika eraikitzen doan istorio honek amaierari buruzko espektatibak handitzen dizkio irakurleari. Eta amaiera heltzen denean erdizka uzten zaitu; gehiago espero duzu. Ez dakit liburu honek bigarren parterik izango duen, baina espero dut baietz. Galdera batzuk airean geratzen zaizkit, erantzunik gabe. Agian, hori izango da egileak bilatzen duena; suspentsea, ni, aldiz, erdizka geratu naiz. Ea bigarren parte bat idazten duen!


Alain