Hemen naiz, ez gelditzeko baina


Txalaparta argitaletxeko harpidetza dudanez, etxera heldu zitzaidan liburu itxurako opari hau, eta irakurtzen hasi bezain laster pentsatu nuen gomendatzeko liburua izango zela. Aitortu beharra daukat hasiera batean aurreiritzi ez oso positiboz josita nengoela: alde batetik, idazlearen lehenengo liburua delako eta, bestetik, kartzelako kronika izanik, oso testu sakonak izango zirelako. Baina nire aurreiritzi guztiak lehenengo orrialdeetan desagertuz joan ziren, eta irakurtzeko grina areagotu egin zitzaidan.
Liburua irakurlearen hausnarketarako testuz osatuta dago. Kartzelaren espazioetatik harresien kanpoaldera eramaten du irakurlea bere pentsamenduen hariari jarraituz, atzealdetik musika jotzen ari dela. Musikak itzelezko garrantzia du liburu osoan zehar, testu bakoitzaren amaieran oso kanta desberdinen aipamenak egiten baititu: Xabier Lete, Anestesia…
Musika-aipamenak ez dira bakarrak, hainbat eta hainbat liburu, artikulu eta elkarrizketaren aipamenak ere egiten ditu liburuan zehar: Miren Amuriza, Alberto Barandiaran, Oscar Wilde, Sarrionaindia, Fredi Paya…
Espetxe-politikaren kritika zorrotza da. Idazleak kartzela bidegabekeria itzela irudikatzen du, eta birgizarteratzeko egiten omen diren ahalegin guztiak zalantzan jartzen ditu: ikasketetarako jartzen dituzten traba guztiak, musika ikasteko zailtasunak…
Hau gustatu zait gehien: komunikazioaren inguruan askok inkontzientean ditugun hainbat hausnarketari hitzak jartzen dizkiola, hala nola hitzek erabileraren ondorioz hartzen duten pisua, kontzeptuak gogortu edo leuntzeko hitzak aldatzeko dugun joera…
Izenburuarekin argi esaten digu Hemen nago, ez gelditzeko baina… Baina, azken batean, non dagoen ulertu nahi du, eta hemen daukagu haren hausnarketen lagina.
Idurre Díez, 2016