Hutsaren itzalak

2014. urtean idatzitako nobela honetan, Arretxek, Burkina Fasoko etorkin batek Bilbon bizitzeko egin behar dituenak kontatzen dizkigu. Toure da pertsonaia nagusia, eta haren inguruan Jon Arretxek idatzitako hirugarren nobela dugu hau.
Tourek urteak daramatza San Frantzisko auzoan edozein eratako lanak egiten. Egun batean, Parisen bizi den bere alaba nagusiaren deia jasotzen du. Askotan saiatu da alaba Bilbora ekartzen, baina alabak inoiz ez du nahi izan. Azkenik, badirudi Tourek lortu egin duela alaba Bilbora etortzea.
Toure paperik gabeko etorkina denez gero, poliziek ez diote Hendaiara alabaren bila joaten uzten. Bere amorantea den San Frantziskoko botikariari mesedea eskatzen dio eta hura joaten da bere bila, baina alaba ez da agertzen.
Toure eta botikaria alaba bilatzen saiatuko dira, paperik gabeko etorkinak izateak dituen eragozpen guztiekin.
Euskaraz irakurtzeko grina pizteko oso liburu aproposa iruditu zait. Erraz ulertzen da eta hasieratik amaierara mantentzen du interesa.
Bego, 2017

 

Jon Arretxek idatzitako genero beltzeko nobela hau benetan “beltza” da. Pertsonaia nagusia, Toure, Burkina Fassotik  Bilboko San Frantzisko (Afrika Txikia) auzora ailegatu den etorkin beltza da. Bere inguruan dauden ia pertsonaia guztiak ere  beltz kolorekoak dira. Eta haiek jasaten duten egoera ere “beltza” da.
Toureren aurkezpen-txartelean detektibea eta igarlea dela idatzita dago,  horiek baitira haren ogibide garrantzitsuenak. Hala ere, bizitza aurrera eramateko edozein gauza egiteko prest dago, beste etorkin guztiek egiten duten bezala. Sirak, Parisen bizi den Toureren alabak, Hendaiarako trena  hartzen du aitari bisita egiteko asmoz; baina aurretik adostutako hitzorduan ez da heltzen.
Arretxek, era errealista batean, hainbat gai jorratzen ditu nobela honetan: San Frantzisko auzoko arazoak, besteak beste, langabezia, pobrezia, prostituzioa eta droga-trafikoa; mafiek gauzatzen duten pertsona-trafikoa eta  haien bortxakeriak, eta etorkinek jasaten dituzten egoera gordinak, batez ere, emakumeek sufritzen dituztenak. Errealismo hori indartzeko,   San Frantziskoko lokal batzuen izenak agertzen dira nobelan; eta  Bilbon benetan izandako gertakizunak txertatzen ditu egileak, estilo zuzen eta erraz batekin.
Eleberri honetan, azken batean, gaur egungo gizartearen kritika zorrotza dago, eta aurreko gaiei buruzko hausnarketa egitera bultzatu nau haren irakurketak. Nigandik oso hurbil dagoen Toureren “Afrika Txikia” ez dut ezagutzen edo, agian, ez dut ezagutu nahi. Beharbada, beste alde batera begiratzen dut.
Irakurketa atsegin baten bidez zerbait astintzen da gure barruan. Zalantzarik gabe gomendatzen dut.
Mª Jesús Melchor, 2016


Jon Arretxeren eleberri honetan, Bilboko San Frantzisko auzoko giroan sartuko gara eta Toureren bizitzako unerik garrantzitsuenetariko bat ezagutuko dugu.
Toure da eleberri honen protagonista (aurreko beste bi eleberrietan ere protagonista izan zen: 19 kamera, 2012, Erein; 612 euro, 2013, Erein). Toure  etorkina da, beltza, Burkina Fasotik etorria. Bizi ahal izateko paperik ez duenez, hainbat lan egin behar ditu, batzuk nahiko bereziak, baina ez dauka aukera gehiegirik.
Toure alabaren bisitaren zain dago, baina Sira ez da Parisetik ailegatzen hitzartutako zitara. Egoera hori abiapuntutzat hartzen du Jon Arretxek, etorkin askoren egoera larria eta haien bizitza zaila erakusteko.
Alabaren arrastoaren atzetik doa Bilbotik Frantziako mugaraino, bere amorante Kristinaren laguntzaz. Bidaia horrek agerian uzten ditu hainbat arazo: mafiak, poliziarekiko harremanak, arrazismoa, esplotazioa...
Hutsaren itzala da existitzen ez direnen itzala, ikusi nahi ez dugun errealitatea, gure alboan dagoena, baina ukatzen duguna. Eta errealitate ikusezin horri lotuta dauden hainbat gauza —batzuk ulertezinak, jasanezinak eta beldurgarriak— kontatzen dizkigu Arretxek.
Eleberri hau arin irakurtzen da: misterioa mantentzen du eta beste ikuspuntu batetik erakusten digu inguratzen gaituen gizartearen puska bat.
Mar (2015)