Idazten ari dela idazten duen idazlea


Izenburuak erakarri ninduen, eta baita ipuin-liburua izateak ere; beti pentsatu izan dut  ipuina aukerarik onenetariko bat dela idazlearen unibertsoa ezagutzeko, liburu bakarrean nahi beste gai ukitzea posible delako. Ipuin-liburu honetan, aldiz, literaturaren inguruan dabil denbora osoan, literaturaren sisteman aritzen diren pertsonaia gehienak erakutsiz. Idazketaz eta idazleez ari da Zaldua. Eta, gai bakarra izan arren, istorio asko kontatzen ditu.

Hogeita bi ipuin dira, kontrazalekoa kontuan hartzen badugu; gehienak, lehenengo pertsonan idatziak. Horrek pentsarazten du bere bizitzaz ari dela, berari gertatutakoaz (autofikzioa deritzon estiloan idatzita baitaude); baina, ipuinen bukaerak irakurtzean, erraz nabarmentzen da fikziozko istorioak direla.  

Idazteko modu zuzena du Zalduak; azalpen eta deskribapen gehiegirik gabe, berehalaxe murgiltzen du irakurlea berak nahi duen egoeran. Egoera horiek gehienek ohikoak dirudite (bi lagun berbetan, aita bat umeari janaria ematen, idazle bat gutun bat irakurtzen, etab.). Baina haren ipuinek beti sorpresa bat gordetzen dute: bukaera. Zalduaren hitzetan: «bukaera idatzita dago irakurlearen paisaia zeharo aldatzeko», nolabaiteko lurrikara sortu nahi du irakurlearengan; eta lortu egiten du, oso ondo gainera. Horretarako, irudimenaz gain, umoreaz ere baliatzen da.

Oso erraz irakurtzen den liburua da, aspaldian euskaraz irakurri ez duen irakurle batek disfrutatzeko modukoa. Guztiz gomendagarria.

Irune, 2016