India harrigarria

Egia esanda, liburu bat irakurri nahi dudanean, denbora asko ematen dut aukeratzen: batetik, aukeraketa hori egiten denean asko ikasten delako eta, bestetik, nire gustuko irakurketa batean emandako denbora hori berreskuratzen dudalako. Kasu honetan, argi neukan nire kultura-maila handitu nahi nuela eta, horretarako, bidaia-liburua edo herrialde bat deskribatzen duen liburua hartu beharko nuela.
Liburuaren izenburuak azaltzen dizkigu, neurri handi batean behintzat, lan horren nondik norakoak: zenbait puntutan Indiari buruzko gai batzuk lantzen dira (bizimodua, arrazakeria, emakumea, haurrak…), eta, horregatik, liburuaren irakurketa bukatzen duzunean ulertzen da aipatutako harrigarritasun horren zergatia. Gure gizartea eta Indiako gizartearen arteko desberdintasunak ikusi ahal dira Gotzon Garatek idazten dituen pasadizo askotan; horrela, herri horretan oso ohikoa da umeek kalean kaka egitea eta, gero, beleek garbitzea.
Garatek informazio asko helarazten dio irakurleari, eta, ikuspuntu horretatik, Indiari buruzko deskribapen handia eskuratzen da. Baina herrialde horretako alderdirik mingarrienak aukeratu ditu, batez ere. Argi daukat leku guztietan alde positiboak eta negatiboak daudela, baina hemen badirudi lehenengo horiek ez direla existitzen. Azken hori kontuan harturik, ez da nire gustukoa izan.
Azkenik, nik India harrigarria gomendatuko nieke irakurleei bi arrazoi desberdinengatik: batetik, irakurleak eskuratuko duen informazioarekin Indiako gaietan sakontzen jarraitu ahal izango duelako eta, bestetik, Gotzon Garatek erabiltzen duen euskara-maila sinpleari eta aberatsari esker, R300 ikastaroko  ikasleentzat oso aproposa delako.

Elias