Ipuin batean bezala

 

Joan Mari Irigoienek idatzitako eleberria da aurkezten dudana. 2002. urtean idatzi zuen Ipuin batean bezala, bizitzaren argiak eta itzalak plazaratu nahi izan dizkigunak.
Liburua oso erraz irakurtzen da, jarraian eta hizkera ulergarri batean idatzita baitago. Ander eta Sararen arteko amodiozko istorioa kontatzen du, pentsamenduen katea eta oroitzapenen arteko saltoak eginez liburuan zehar. Sara eta Anderren bizitzaren pasajeak tartekatzen ditu eta horrek erraztasuna ematen dio irakurtzen dionari. Aipatzekoa da, pertsonaien arteko elkarrizketak beti hikan idatzita daudela eta horrek berezitasuna ematen diola.
Tituluak pentsarazten digu ipuin baten aurrean gaudela edo ipuin baten bukatzeko era espero dugula, baina liburuan zehar ez da soilik amodiozko istorio bat kontatzen. Sararen eta Anderren beldurrak, egonezinak aipatzen dizkigu egileak, baita drogak, depresioak dakartzaten ondorioak ere. Hasieran esan bezala, argiak eta itzalak plazaratu nahi izan dizkigu Joan Mari Irigoienek eleberri honetan.
Idatzi zueneko gizartearen gaitz batez mintzatzen da, HIESAz, hain zuzen ere, eta honek dakartzan ondorioez. Baina beti esperantzaren leihoa zabalik utzita eleberriaren bukaeran.
Elena, 2016

 

Liburua oso hunkigarria da, amaieran batez ere. Istorioa lehen pertsonan kontatuta dago. Narratzaileak istorioaren protagonista nagusiak dira. Kapituluak ez daude zenbatuta. Kapitulu batean, Sarak bere gorabeherak kontatzen ditu, eta, hurrengoan, Anderrek bere oroitzapenei buruz hitz egiten du, eta, horrela, behin eta berriz. Beraz, oroitzapenen arteko saltoak etengabekoak dira liburuan zehar. Horregatik, nahiko nahasia iruditu zait, hasieran batez ere.
Gaiari dagokionez, bikote harremanetan argiak eta itzalak izaten direla adierazten du nobelak. Eta badu mezu garrantzitsu bat:  egoera txarrei buelta ematen ahalegindu behar da. Nobelan, pertsonaiek berek alaitasunez eta lainoez hitz egiten dute argiak eta itzalak adierazteko.
Pertsonaia nagusiak hauek dira: Sara Huarte,“loti ederra”, drogak murgildu du lo sakonean, eta Ander Olaso, “printze urdina”, umoretsua, ameslaria eta konplexuz betetako mediku bat  (ipuin batean bezala, ipuina izatera iritsi gabe).
Nobelan, Irigoienek istorioa kokatzen den garaian argitaratu ziren zenbait liburu aipatzen ditu. Liburu horien autoreak Irigoienen garaikoak dira; adibidez, Urretabizkaia (1948). Horrela, errealismo gehiago ematen dio istorioari.
Baliabideen aldetik, ez dago deskripzio zehatzik, baina bai menperatzen ditu elkarrizketak eta hauek hika forman daude. Metaforak, konparazioak  eta esamoldeak ere agertzen dira nobelari bizitasun gehiago emateko. Nire ustez, lexikoa ez da bereziki ulergaitza.
Metaforak: “Halakoak baitira oroimenaren lorontzian hazi zaizkidan bi arrosak, zein bainozein ederragoak oinazearn lurretatik zerura zabalik”. (265. or.)
Konparazioak: “…bilarreko bola bat bezala, lisoa eta biribila”. (43. or.)
Esamoldeak: “Zure rezolitis hori ere ez da, bada, ahuntzaren gauerdiko eztua…”. (195. or.)
Nire iritziz, nobela hau bizitzari egindako kantu bat da: zoritxarren gainetik beti daude bizipozerako arrazoiak. Eta bitxikeria bezala, 2007an egindako elkarrizketa batean idazteko gaiak nola bururatzen zaizkion galdetu ziotenean, Irigoien erantzuna hauxe izan zen:
“Orain dela gutxi idatzi nuen Ipuin batean bezala. Hor nuen ideia bakarra. Orain dela 10 urte ikusi nuen IHESAri buruzko telebista programa bat. Programa hori oso gogorra izan zen eta tunel batean sartu banintz bezala izan zen. Baina beti argi bat ikusten”.
 Nobelaren atzeko azalean Pablo Neruda aipatzen duen testu bat dago. Eta, nire iritziz, autore txiletar handia aipatzen du, Pablo Nerudak Confieso que he vivido obran bere memoriak kontatzen dituelako eta bere laguna, Allende, min handiz gogoratzen duelako:
“Bai, nik ere esan dezaket bizi izan naizela, Pablo Nerudak bezala. Eta are gehiago. Oraindik ere bizitzen jarraitu nahi baitut. Sarak eta Leirek nigan bizirik iraun artean, eta zoritxarrari irri bat edo beste osteko gai naizen neurrian: eguzki bat edo beste…”.
Irigoienek ere Ipuin batean bezala nobelan Anderrek Sara emaztea eta Leire alaba gogoratzen ditu, istorioa kontatu ostean.
Amaya Chávarri (2016)