Jainkoa izan nahi zuen autobus-gidariaren istorioa eta beste batzuk


Etgar Keret idazlea israeldarra da eta, orain arte niretzat ezezaguna izan arren, punta puntakoa da Israelen. Unibertsitatean irakasle lan egiten du. Horretaz aparte, zineman eta telebistan aritzen da.
Liburuak bost narrazio ditu: lau ipuin eta nobela labur bat. Nobela laburra (“Kneller-en kanpamentu alaia”) kapitulu laburrez osatuta dago eta liburu erdia baino gehiago betetzen du. Lehen pertsonan idatzita dago. Beste formatu batzuetara pasatu dute, komikia eta pelikula egin dute eta.
Liburu hau erraz irakurtzen da. Ez da luzea, eta di-da batean bukatzen da. Hala ere, oso liburu bitxia da. Oso hizkera arrunta erabiltzen du, gaur egun gazte israeldarrek hitz egiten dutena. Oso zuzena da. Hitz guztiak ondo aukeratuta daude. Liburuari kolore berezia ematen dion umore beltza eta ironia agertzen dira hasieratik bukaera arte. Oso egoera surrealista eta barregarriak kontatzen dira ipuinetan, modu naturalean. Errealitatea eta liburuan agertzen den fikzioa hain dira antzekoak! Gure munduaz eta bizimoduaz pentsaraztera bultzatzen gaitu. Etsipena ere presente dago orrialde askotan. Dena den, itxaropenari zirrikituren bat uzten dio zabalik, txikia bada ere. Bai gure munduan, bai suiziden munduan, era batean edo bestean, guztiok bilatzen dugu zoriontasuna.  
Jon (2015)