Koaderno gorria

 

Arantxa Urretabizkaiaren hirugarren nobela da hau, 1998an argitaratua. Eleberri honetan ama baten historia kontatzen da. Ama bati bi seme-alabak lapurtu zizkioten duela zazpi urte. Handik gutxira,  seme-alaba horien amonak, haien aitaren amak, Gabonetako zorion-idazki bat jaso du Venezuelatik, eta umeen amari horren berri eman zion. Orduan amak bere abokatua Caracasera bidali zuen seme-alaben argazki batekin eta koaderno gorri batekin. Koaderno horretan, amak azaltzen du berari gertatzen zitzaion guztia eta hark sentitzen zuen guztia, seme-alabak txikiak zirenean. Koadernoa amaren aitorpena da. Abokatuaren helburua da amak idatzitako koaderno hori umeei ematea. Kontakizun osoan oinarri politikoa dago.

Eleberriak zazpi kapitulu ditu. Narrazio hutsa da, eta han txertaturik daude elkarrizketa guztiak, komatxoen bidez edo zehar estiloan. Deskripzioak daude, eta amak xehetasun guztiekin adierazten ditu bere bizipenak. Oso zehatz agertzen dira sentimenduak, horiek eleberriaren ardatza dira eta: amatasuna, laguntasuna, maitasun falta, haurtzaroa, bakardadea... Kontakizun guztian zehar kutsu-poetikoa dago; idazkera intimista da emozioekin guztiz lotua.

Hirugarren pertsona batek kontatzen du, eta bi planotan garatzen da. Alde batetik, amak idatzitako koadernoa tartekatzen da liburuan: amaren ahotsa da; lehenengo pertsonan eta iraganean kontatuta dago. Bestetik, abokatuaren esperientziaren berri ematen da, koadernoa irakurri eta Caracasen dabilenean; orainaldian eta hirugarren pertsonan dago kontatuta.

Emakumeen narrazio da. Pertsonaiak emakumezkoak dira nagusiki: amona, ama, abokatua eta alaba. Gizonezko pertsonaiak bigarren mailakoak dira. Ez da izenik agertzen, seme-alabenak izan ezik: Miren eta Beñat. “Ama” hitza beti letra larriz azaltzen da —garrantzitsua den seinale—, eta abokatuaren izena “L“z adierazten da. Hasieran distantzia mantentzen du, baina, koadernoa irakurri ahala, haren inplikazioa gero eta nabariagoa da.

Liburua nahiko erraz irakurtzen da; narrazio polita eta hunkigarria da, sentimenduz betea eta jakin-mina mantentzen duena. Idazlearen idazkerak irakurlearen barneko emozioekin eta sentimenduekin bat egiten du, eta horrek narrazioan sartzen  laguntzen du. Garai bateko lekukoa da liburu hau.

Yolanda, 2016