Kristalezko begi bat

Kristalezko begi bat irakurtzeko aukera izan dut. Miren Agur Meabe da idazlea. Liburu bat irakurri behar genuela esan zigutenean, Miren Agur Meaberekin gogoratu nintzen. Zergatik? Nire herrikoa delako eta, Iralen egonda, momentu egokia delako liburu hau irakurtzeko. Oso gutxi irakurtzen dut euskaraz, eta ahalegin berezia egin nahi nuen herriko idazlearen liburua irakurtzeko.
Kristalezko begi bat da liburuaren ardatza eta errealitate fisikoa; idazleak gaztaroan galdu egin zuen begia, gaixotasun baten ondorioz, eta kristalezko begia jarri zioten.
Liburuan kontatzen diren gaiak honako hauek dira: amodioa edo amodioa eza, sexua, familia eta gorputzaren irudia. Fikzioarekin jolasten ari da, eta bere burua ere sartzen du autofikzioan. Fikzioa baino gehiago autobiografia dela esango nuke.
Hiru errealitate dira nagusi: lehena, errealitate fisikoa (kristalezko begia); bigarrena, errealitate metaforikoa (amodioa edo amodioa eza, sexua, familia eta gorputza), eta, hirugarrena,  errealitate literarioa (beste idazle batzuen eragina).
Liburua irakurtzeko ahalegin handia egin dut. Liburua sakona da, eta  hiztegi aberatsa dauka.  Orriak atzera eta  aurrera ibili behar izan dut, eta hiztegia sarritan erabili dut. Ni bezalako irakurle berriarentzat ez da liburu egokia. Nire irakurle “militante” izaera horrek ez du balio izan. Liburu errazagoa aukeratu behar nuen, nire euskara-mailari egokitua. Hori bai, liburu egokia da irakurle adituarentzat eta euskara-maila altua duenarentzat.
Ibon, 2016


Nork bere barrua besteen aurrean husteko zeinen ausarta behar du izan. Hori izan da nire lehenengo gogoeta. Eta, ene iduriko, balio erantsia du: andrazko baten ikuspuntua islatzea. Egilea krisi-egoeran ei  dagoela, bere barne munduan zeharreko bidaia terapeutikoaren erakusketa ederra egiten du: desamodioa, adina, familia, lagunak, lana, umetako gomutak, natura, sexua eta literatura bera. Gai unibertsalak sakontasun handiz zizelatuak, zirraraz iltzatuak: larria, dolua, ironia, kritika, malenkonia, beldurrak, konplexuak…
Adabakiz osatzen du kontaera, egunerokoaren gisara. Atal sakonak eta barnekoiak «epelago»ekin —begi erauziari buruzkoez ari naiz— tartekatzen ditu, kontrapuntua eginez. Eta egituratzeko era horri ere zinez egokia deritzot, atal bat amaitzean arnasa hartzeko eta hausnarrean egiteko parada uzten digulako. Ezinbestekoa, hainbatetan.
Horri guztiari beste lorpen bat erantsiko nioke: hizkuntza bera. Idazkera landua eta garbia, sakona bezain gordina, egokia eta zehatza, zuzena eta eraginkorra oso. Deskripzio bikainak, ederrak, iradokitzaileak, zirraragarriak. Lexiko landua, jakina. Eta ironia fina, nonahi.
Berak barrua husten duen heinean, gure erraiak astintzen, bihotza hunkitzen  eta barrunbeak  iraultzen ditu, hozkirria sentitzeraino.
Aipatzekoa, bestalde, «kristalezko begia»ri buruzko atalak zarradagarriak direla. Naturaltasun sinesgaitzarekin kontatzen du bizitakoa, erabat gailenduta balu bezala —eta hala izango da—, «hoztasun kirurgiko»z zenbaitetan, zientziazko azalpen tekniko hutsak dirudite beste batzuetan… Eta beharbada horrexegatik eragiten didate halako hozkirri latza pasarteok.
Ezin uka nezake identifikatuta sentitu naizela hainbatetan, gogoeta egitera behartuta, eta une batzuez irakurketa utzi eta neure barrua ikertzera behartu nauela. Ariketa interesgarria izango da berriz irakurtzea.  Ageriko.
Miren, 2015


Miren Agur Meabe orain dela hiru urte ezagutu nuen eskolan. Urtebete itsasargian irakurri eta gero etorri zitzaigun ikastetxera idazleen elkartetik.
Irakasleak Kristalezko begi bat liburua aipatu zuen, Miren Agurren azkenengo eleberria. Orain arte ez nuen hark helduentzako idatzitako ezer irakurri. Hasiera batean, Miren Agur  kostaldekoa izanik, liburua euskal piratarei buruzkoa izan zitekeela pentsatu nuen, baina Mari Elik idazleak kristatezko begia zuela aipatu zuenean, erabat aldatu nuen iritzia. Hura, bai ezustekoa! Berarekin egon eta ez nintzen ohartu! Zertaz eta hortaz! Begi bat, nire moduan, kili kolo zuela, bai, baina ez besterik. Nik ere, okulistek deritzoten begi alferra eta estrabismoa dut. Ez dut begi batetik ikusten eta nahiko zeregin eman dit  bizitzan. Jakinmina piztu, eta, erabakia bat-batekoa izan zen: irakurri behar nuen. Ez naiz damutzen, izugarri gustatu zait eta zenbait pasartek hunkitu egin naute.
Emakume baten berbaldia da: “Begi bat galdu nuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaidan ama; dibortziatua naiz eta seme bat daukat; lana utzi eta enkarguzko lanak idaztetik ateratzen dut bizimodua; berriki utzi dut maite-laguna eta harrezkero gaixotuta nago…”. Horrela hasten da liburua. Lehenengo momentutik galdetzen diozu zeure buruari: -Kontxo, zer gehiago gerta dakioke bati? Hasieratik bertatik hurbiltzen da irakurlearengana bete-betean. Maitasun harremana apurtu eta egoera hartatik ihesi, Landetan utzi dioten etxe batera doa denboraldi baterako. Bertan idazteari ekingo dio, bizitzako galerak, desamodioak, askatasunak, izateak, idazteak eta abar dakarzkionak azaleratzen.
Liburuaren egiturari dagokionez, Meabek pasarte batean dion moduan, paddwork estilora egina dago. Egitura nahasi horretan oso deigarri egin zaizkit begiaren, bere perlaren, inguruan idatzirikoak.
Pasarte bat irakurtzekotan, Monoftalmia eta eguneroko bizimodua aukeratuko nuke. Ikusmenean, akasduna naizenez ironikoa iruditu zait eta barregarria ere, neure burua islatuta ikusi dut eta.
 Hala eta guztiz ere, ezin dut ukatu maitasunari buruzko esaldiak ere oso lirikoak, sarkorrak egin zaizkidala: “Sinetsarazten digute maitasuna eta zoriona eskutik helduta doazela, eta hala da, uneka. Lotuago daude, dudarik ez, maitasuna eta nahigabea: maitasunak huts egiten du gehiegi eskatzen zaionean.
Idazlea errealitatean zein fikzioan biluztu egiten da batere lotsa barik, eta eleberri sinesgarria, intimoa eta gozatzekoa dela deritzot. Astiro-astiro, hiztegia alboan, irakurtzeko moduko nobela oso gomendagarria dela esango nuke. Itzel polita!
Sorkunde (2015)

 

Literatura saiorako liburu bat irakurri behar izan genuen eta, egia esan, ez nekien zein aukeratu. Zorionez, gaur egun produkzioa handia da  eta eskaintza  zabala dugu. Buelta batzuk eman ondoren, Mari Elik  Miren Agur Meaberen liburua aholkatu zigun eta irakurtzeari ekin nion.
Hasieratik gustatu zitzaidan  eta, haren liburu batzuk irakurri ondoren, esan beharra daukat erabat ezberdina dela; egia da aurretik  irakurritako liburuak gazteei  zuzenduta zeudela. Liburu honek autobiografiatik ere badu  baina dena ez da autobiografikoa, fikzioa ere  tartekatzen du.

Izenburuko kristalezko begia protagonistaren begia da eta gai honi buruz hausnarketa sakona egiten du; tartean bere bizitzako beste hainbat gai jorratzen ditu. Ez da astuna egiten.
Nire ustez, oso ondo idatzita dago eta Miren Agurrek bere lumarik onena atera du,  liburua  era zoragarri batean idatzita baitago.
Mirari (2015)


Zer dago emakume baten buruan, harreman sentimental bat utzi ondoren? Baina ez edozein emakumeren buruan, baizik eta aurretik dibortziatua dagoenaren buruan, hau da, eskarmentua daukan emakume baten kasuan. Are gehiago: emakume inteligentea, sakona eta bizitzari galdera asko egiten dizkion horietarikoaren buruan. Nik esango nuke horixe dela liburu honetan agertzen zaigun kontakizuna.

Miren Agur Meabek, bere bizitzako momentu berezi batean, idazteari ekiten dio. Horretarako, bere barrua hausnartzen du, terapia antzeko ariketa gisa. Ez du, baina, azken banaketari buruz idazten bakarrik; bere bizitzan gertatutako hainbat kontu azaltzen dira, azalekoak zein sakonak, eta denek izan dute berebiziko garrantzia autorearen sentimenduak ulertzeko.

Liburua irakurtzen nengoela, zera pentsatu nuen: liburu hau andrazkoentzako da, gizonok ez baitugu holako konplexutasun mentala ulertzeko ahalmenik. Gauzak modu sinpletxoagoan ikusten ditugu eta ez dizkiegu horrenbeste buelta ematen; horregatik, une batzuetan zaila egiten da esan nahi duena interpretatzea. Batzuetan galduta sentitu naiz kontu existentzialista, metafisiko, filosofiko eta abarretan. Besteetan, ordea, oso identifikatuta sentitu naiz, hurbileko kontuak eta esperientziak kontatzen dituenean.

Hori guztiaren gainetik, liburua oso ondo idatzita dago eta badu balio berezi bat: pasarte batzuetan zer euskara polita erabiltzen duen gauza bereziak esateko. Harrigarria da nola bilatzen dituen hitzak berak nahi duena espresatzeko eta sentitzen duena erakusteko. Oso modu politean esaten dira gauzok, eta horrek liluratuta utzi nau. Sentsibilitate pixka bat jarrita, noski.

Guillermo (2015)

 

Miren Agur Meabe, idazle aski ezaguna eta hainbat sari irabazitakoa. Hori dela eta, jakin-mina nuen idazlea ezagutzeko; horretarako, haren liburu bat irakurtzea pentsatu nuen. Zein liburu aukeratu ez nekienez, nobela bat aukeratu nuen, hori baita nik errazen  irakurtzen dudan estiloa.

Protagonista idazlea bera da. Bere bizitza markatu duten galerak zerrendatuz hasten du liburua: begi bat galdu zuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaion ama; dibortziatu egin da eta seme bat dauka; lana utzi zuen iaz.
Protagonista Landetara doa, utzi dioten etxe batera, han denboraldi bat pasatzera, liburu bat idazteko asmoz. Landetan dagoen bitartean gertatzen  zaizkion gauzak kontatzen ditu, baita bere bizitzako hainbat gauza eta barne-barneko sentimenduak ere. Askotan  agertzen dira haren maitasun istorioaren bizipenak, eta hura bukatutakoan bizi duena.

Balio erreala, metaforikoa eta literarioa du nobelak, Mirenen iritziz. Atal laburrez osaturik dago, eta errealitatea eta fikzioa nahasten ditu.

Liburua gustatu zait eta gomendatzeko modukoa da. Erraz irakurtzekoa eta entretenigarria da. Oso hizkuntza aberatsa erabiltzen du eta oso ondo idazten du: horrek ematen dio kalitatea liburuari, nire ustez.

Hona hemen 111 Akademiako kide batek idatzitako iritzia:

“oso liburu intimoa, autobiografikoa eta barnekoia da. Egilea hustu egin da, terapeutikoa izateraino. Oso liburu atsegina da irakurtzeko, bikote harreman baten haustura izan berria eta min horrekin distantzia jarriz, bere galera fisikoa (ezkerreko begia) nola iritsi zen galtzera eta horrek bere bizitzan nola markatu duen.... Errealitatearen eta fikzioaren arteko muga bereizi gabe. Oso liburu polita eta ausarta idazlearen aldetik. Hizkuntza bera ere oso ondo zaintzen du, aipuekin osatua eta tokiko euskarari tarte txiki bat ere emanez”.

Idoia