Kutsidazu bidea, Ixabel

Erreferentzia ona neukanez, irakasleak esan zuenean liburu bat irakurri behar zela animatu nintzen hau irakurtzera.
Juan Martin hemeretzi urteko gaztea da. Hainbat denbora euskaltegi batean euskara ikasten egon ostean, Tolosa aldeko baserri batera (Aranguren) doa uda pasatzera,  bertan “benetako” euskal giroa eta “benetako” euskara ezagutzeko. Han familia batekin biziko da, eta hango alaba batez, Ixabelez, hain zuzen ere, maiteminduko da. Hasieran batez ere, familiak egindako euskera swahilia iruditzen zaio, guztiz ulertezina, eta zirkunstantzia horrek sorraraziko ditu mila egoera barregarri.
Nik ere (nork ez?) neure burua islatuta ikusi dut hainbat unetan: apunteak hartzen dituenean eta aditz zailak etengabe ikasten ari denean; klaseko kide guztiek osatzen duten fauna  barregarri hori ezagutzen  duenean; piperrik ulertzen ez duenean…
Estilo umoretsu eta sinpatikoa  erabiltzen du idazleak, eta, era berean, esan behar da irakurtzeko erraza dela. Erreferentziaz beterik dago (Nivea krema, Azken Tangoa Parisen filma, Speedy González…), eta horrrek barre-algarak eragiten ditu hasieratik bukaeraraino.
Ez dut uste goi-mailako literatura denik, baina literaturak funtzio ugari betetzen ditu, eta ondo pasatzea ez da inondik inola ere gutxiesteko gauza,  oso eskertzekoa baizik.
Mari Jose (2016)

Nik ezer gutxi nekien euskal literaturaz, eta ohitura gutxi nuen euskaraz irakurtzeko; beraz, liburu bat irakurri behar genuela esan zigutenean, gelako lagun batzuek liburu hau gomendatu zidaten. Esan zidaten gaia bera eta idazteko estiloa oso aproposak zirela irakurzale ez den batentzat. Eskertzen diet gomendioa, erraz irakurri nuen eta!
1978ko udan, euskara batua ikasi zuen Donostiako mutil bat —Juan Martin—  Tolosa aldeko baserri batetara joan zen, euskara praktikatzera. Horra hor liburuaren giltzarria! Han gertatzen zaizkion gorabeherak kontatzen ditu liburuan.
Lehenik, euskara bera izan zuen zailtasunik handiena: ez zion tutik ulertzen familiari, “swahilia” iruditzen baitzitzaion. Berak ikasitako euskara, gero? Horrez gain, hiriko eta herriko bizimodu diferenteak bizi izateak buruhausteak ekarri zizkion!
Estilo arina, dibertigarria eta umoretsua dauka liburuak. Ni erraz identifikatu nintzen protagonistarekin, Juan Martinekin, eta idazlearekin, Josean Sagastizabalekin,  hark ere antzeko esperientzia bizi izan zuelako. Euskalduntzen prozesu horretan, ni ere baserri batera joan nintzen, eta barrez gogorarazi dit hainbat egoera.
Badirudi pertsona asko identifikatu direla liburu honetako gorabeherekin, izugarrizko arrakasta izan zuelako liburu honek argia ikusi zuenean, 1994an. Hortik 2007ra, filma, antzerkia eta telefilmak ere egin dira. Gaztelaniaz itzulita dago.
Dibertitu nahi izanez gero, hautatu liburu hau!
Yolanda, 2016


Eleberrian, hainbat eta hainbat esaldi irakurri ondoren, zer ondo ulertu nion gure protagonista Juan Martini! Nahiz eta zuzenean bera ezagutu ez, maite izan nuen Martin, aspaldian bizi nituen gertaera batzuk berriz gogoratu nituelako. Nire kasuan, ez nintzen Tolosan egon, Martin egon zen moduan, baina lekuak ez dauka hainbesteko garrantzirik.
 Behin baino gehiagotan, hainbeste egoera  bizi eta gero, Juan Martin  moduan  sentitzen  nintzen, edo, agian,bera ni bezala. Hobe ez!
 Zein ondo ulertu nituen bere pentsamenduak, galderak, gertaerak eta zailtasunak! Udan, Aranguren izeneko baserri horretara joan zenean euskara hobetzera. Bada, Aranguren izena zuen baserriak.
Nolako aurpegia geratzen zaizun ezer ulertzen ez duzunean, nahiz eta hamaika aldiz berriro
 Zenbat aldiz saiatzen zaren egoera menderatzen, eta hark zelan zure aurka egiten duen.
 Zein gogorra egiten zaigun baserriko bizimodua! Batez ere, ezagutzen eta ohiturarik ez dugunean. Hala ere, motibazioak aurrera egitera bultzatzen zaitu. Juan Martinen kasuan, Isabel zuen izena motibazio horrek:” Maitasuna linboa da.”
Egia esan, liburuaz disfrutatzeko denbora ez zen oso luzea, oso azkar bukatu nuelako, baina irribarrea mantendu dut harekin egon naizen bitartean, baita  algarak konpartitu ere. Aldi berean, nire begiek, orrialde  batetik bestera  joan ziren bitartean, barre egin dute.
 Ez nekien, pasarteetan, non hasten ziren eta non bukatzen ziren emozioak, baina alaitasuna, naturaltasuna, erritmo bizia, emozioa, umorea … nire baitan sumatzen nituen. Hori da liburu horrek ekartzen diguna.
Barre eragitea oso gauza serioa da, eta irakurleak hori bizitzeko Sagastizabalek badaki nola egin. Artista ona da. Bazkari onak dakarkigun aho-zapore berdintsuarekin geratu nintzen eleberria bukatu nuenean.
Mila esker, Sagastizabal jauna. Eskerrik asko zure nobelan hainbeste sentsazio sentiarazteagatik, zure liburuaren bidez euskaraz gozarazteagatik, liburu dibertigarria irakurriz hainbeste  gihar mugiarazteagatik, eta horrekin batera kaloriak galarazteagatik, eta hori, nire kasuan, ez da txantxa!
 Guztiz gomendagarria. Liburu arina da, eta oso erraz irakurtzen da.
 Urkixo taldean Goiok liburu hau eskaini zidan, eta, agian konturatu barik edo nahita, euskaraz irakurtzen gozatzeko aukera ere bai. Erabaki ona, benetan! Mila esker, Goio.

Carmen (2015)

 

Orain dela hogeiren bat urte argitaratu, eta euskarazko fikzio-libururik salduenetarikoa izan arren, Joxean Sagastizabalaren Kutsidazu bidea, Ixabel eleberria ez dut inoiz eskuartean izan. Era umoretsuan idatzita dagoela entzun dudanean, sasoia heldu zaidala pentsatu dut, eta   irakurtzea erabaki dut.
1978ko udan, hemeretzi urteko mutil donostiarra, Juan Martin Errazu, Tolosako Aranguren baserrira joango da, bere burua Josechu el vasco bihurtu nahian. Hasieran, baserriko euskara ulertzeko arazoak izango ditu; swahilia irudituko zaio. Baserrian gurasoak, seme bikiak eta bi alabak aurkituko ditu. Ixabelekin, alabetako batekin, maitemindu egingo da, baina Ixabelek badu mutil-lagun bat, Anjel Mari: herriko goapoa, jatorra eta pilotari aparta. Juan Martin, astegunetan, Alkizara joango da Euskaltegi batera, eta hango beste ikaskideekin dituen harremanak ere kontatuko dira.
Liburuaren izenburua deigarri iruditu zait; Juan Martinek ikasten duen lehen hitza edo aditza “kutsidazu” izango da. Baserrira heltzen denean, honako hau entzungo du: “kutsizazu baserria”; erakutsi esan nahi duela konturatuko da. Gero, herriko euskaltegira joan behar duenean, Ixabeli “kutsidazu bidea Ixabel” esango dio.
Liburu hau gomendagarria da, alde batetik, Sagaztizabalek idazteko modu bizia, freskotasuna eta naturaltasuna adierazten dituelako; bestetik, erraz irakurtzen delako, barrea sorrarazten duelako, eta  baserriko bizimodua, ohiturak eta hango euskara adierazten dizkigulako. Gainera, edonor identifikatuta sentituko da, euskaldun berria edo euskaldun zaharra izanik ere. Horrez gain, 70eko hamarkadan jaiotakoak umetako garaia biziko du berriro: abertzaletasuna, hizkuntzaren arazoak edota herrietako edo familiako ospakizunak.

Arantza (2015)


Juan Martin gaztea Tolosa aldeko baserri batera doa udan, euskara hobetzera. Alkizako euskaltegian eskolak hartzen ditu, eta ikaskide xelebreekin sano disfrutatzen du. Baserriko bizitza oso gogorra gertatzen zaio, eta bertan bizi den familiaren euskara ulertzeko zailtasunak ditu; swahilia iruditzen zaio. Baina bada hori guztia leuntzen lagunduko diona: Isabel izeneko alaba.
Idazleak berak bizi izandako esperientzian oinarrituta, istorio sinplea, freskoa eta gustura irakurtzekoa eskaintzen digu. Oso era umoretsuan kontatzen  dizkigu pertsonaia nagusiari suertatzen  zaizkion  gertaerak. Horretarako, hainbatetan ironia erabiltzen du baserriko bizitza eta baserritarren izaera eta bizimodua deskribatzeko. Homeroren La Odisea, antzinako filmak, marrazki bizidunen zenbait pertsonaia… erreferentzia bezala erabiltzen ditu irakurleari barregura eragiteko. Gainera, liburuari erritmo bizia dario  orri guztietatik. Eskertzekoa da kapituluak laburrak eta umorez beterik egotea: horrek izugarri errazten du irakurketa.
Liburuaren hasieratik azkeneraino irribarrea bidelagun izango duzulakoan nago. Horixe gertatu zait niri behintzat.
    Eskerrik asko Elexabarri taldekoei, Goio irakasleari eta Sagastizabal jaunari.

Juan Carlos