Lehertu da festa


Eneko Aizpuruaren azken nobela honek Donostian gertatzen den istorioa aurkezten digu, 2016ko Europako Kultur Hiriburua izendapenaren harira. Polizia-giroan murgiltzen  gara, eta, orri gutxitan, giro beltz eta nahasia sortu nahian, idazleak gertakizun sorta bat aurkezten digu. Hiri baten estruktura, funtzioa, eraikuntza… eta, horren guztiaren inguruan, hausnarketa egiten du idazleak. Halaber, Donostia inguruko bi ikuspuntu zeharo ezberdin aurkezten dira: batetik, Europako hiriburu izendatzearen alde agertzen dena, trikimailu zikinak erabiliz etekin ekonomikoa atera nahi duena; bestetik, horren aurka borroka egiten duena, beste Donostia-eredu bat nahi dutenena.
Hasieran erakargarria eta kutsu umoretsukoa izan arren, iruditu zait gertakizunak ez direla oso ondo lotzen edo josten, istorioa aurrera joan ahala.  Nire iritziz, gaiak berak garrantzi handiagoa hartzen du istorioak baino. Hiztegiari dagokionez, landua dela esango nuke, baina horrek ez du eragozten liburua arin eta erraz irakurtzea.
Liburuaren amaieran, sentipena gazi-gozoa izan da. Nire barruan ”ez da festa lehertu”.

Mari (2018)