Londres kartoizkoa da


Liburua Unai Elorriaga idazlearen laugarren eleberria da. Idazlearen lana ondo ezagutzen dutenek eta kritikariek esaten dute eleberri horretan aldaketa ematen dela, bai gaian, bai idazkeran. Oraingoan, lehenengoz, idazleak gai konkretua jorratzen du: diktadura edo totalitarismoa kritikatzen du. Hori berria da. Autoreak konfesatzen du bazuela gogoa gai horretaz idazteko. Baina kontuan hartu behar da ez dela kontaketa hutsa, arrunta; askotan pertsonaien oroitzapenetan oinarritzen da istorioa. Phineas, protagonista, egunero igotzen da hamazazpigarren teilatura ikusteko ea arreba itzultzen den. Arreba diktadura garaian desagertu zen.
Eleberria lau kapitulutan banatuta dago. Oso antolaketa berezia da, idazle algortarrak berak dio: “Psikotiko baten burmuina bezalakoa da”. Liburuan kontatzen den istorioa autoreak ez du inon kokatzen; edonon gerta daiteke: Euskal Herrian, Argentinan, Txetxenian … Hirugarren kapituluan salbuespen bat egiten du, eta Londres inguruan gertatzen da. Ematen du kapituluen artean ez dagoela loturarik, baina amaieran  dena lotzen da, istorioak zentzua hartzen du.
Oro har, esan behar dut oso erraz irakurtzen dela eta ondo ulertzen dela esaten dena, baina eleberriak ez nau harrapatu, ez da nire gustukoa izan: askotan irakurtzeko astuna izan da, nahiz eta elkarrizketaz josita egon. Ziur aski, teknikoki bikaina da; oso estilo berria eta landukoa, baina narrazio arrunta nahiago dut. Honekin ez dut esan nahi errua autorearena denik, ez duelako jakin lortzen ni pertsonaiekin identifikatzea edo istorioan sartzea. Guztiz kontrakoa, errua nirea da: nik beste estilo bateko liburuak ditut gustuko.

Jose Miguel