Manila Konexioa

Jon Arretxe idazleak liburua argitaratzean zera esan zuen: “Liburuan misterio alderdia da funtsezkoena, baina egoera umoretsuak bilatuz, gertaera zoroak, harrigarriak, parodia eginez eta absurdua landuz”. Eta baita lortu ere! Benetan lortzen du idazleak deskribatutako guztia nobela beltz umoretsu honetan.
Simon Artabe eta Etxebe detektibeek suge baten desagerpenaren kasua ikertu behar dute, eta gu, irakurleok, bilaketa horren lekuko bihurtuko gara. Bidaia horretan karraju ilunetan murgilduko gara, eta arraza, lanbide eta jite guztietako jendea topatuko dugu.
Idazketa argi eta zuzenak, erritmo biziak eta etengabeko umoreak asko erraztuko digute liburuan zehar egingo dugun bidaian. Hala ere, komenigarria da jakitea ez dugula eleberri potolo bat espero behar: argi izan behar dugu irakurgai dibertigarri eta denbora pasa bat dugula esku artean.
Ondo egin  nuen liburu hau aukeratzean, euskaraz irakurtzeko grina sartu baitzitzaidan. Iruzkin hau amaitu orduko, deika daukat irakurriko dudan hurrengo liburua, Kleopatra.
Esti (2015)


Orain dela urte batzuk, euskara ikasteari ekin nion berriro. Momentu hartan, Jon Arretxeri lehenengo liburua irakurri nion: Urrezko triangelua. Liburu hori irakurtzean konturatu nintzen Jon Arretxeren liburuak oso erraz irakurtzen direla. Hau da, euskaraz irakurtzeko ohitura ez duenari idazle horrek zaletasun hori berpizten lagunduko dio. Hori dela eta, Irakurgaietako irakasleak esan zuenean hori zela ikasgaiaren helburua, nik Arretxeren eleberri bat aukeratzea erabaki nuen: Manila Konexioa, hain zuzen ere.
Eleberri hau umorezko nobela beltza da. Nobelaren istorioa Gasteizen gertatzen da. Desagertze misteriotsu bat argitu behar dute Artabe detektibeak eta haren laguntzaile Etxebek: anakonda baten desagertzea. Horretarako, bikote xelebre hori Gasteizko bazter guztietatik arakatzen ibiliko da. Arraza, lanbide eta izaera guztietako jendea topatuko dute bilaketa ero horretan, zein baino zein bitxiagoak (ijitoak, txinatarrak, mairuak...). Desagertzea ebazteko arrastoen bilaketari ekingo diote, baina arazoa da istorio honetan ezer ez dela dirudiena.
Jon Arretxek eleberri honekin lortu zuen helburua: euskaraz irakurtzeko grina sortzea. Manila Konexioa irakurri nuenetik, beste liburu batzuk irakurri ditut. Horregatik, haren liburuak gomendatzen ditut.


Inmaculada