Manuel Iradier, Afrikako arimaren esploratzailea

Agian, umezaroan esploratzaile izatearekin amets egiten nuelako aukeratu dut liburu hau; edo, beharbada, egun batean, Gasteizen katedral berriaren aurrean, Manuel Iradierren eskulturarekin topo egin nuelako eta harrituta geratu nintzelako. Nor ote zen esploratzaile ezezagun hori? Zer egin zuen Gasteiz erdian hain monumentu txukuna izateko? Ramon Olasagastik Manuel Iradier, Afrikako arimaren esploratzailea biografiaren egilearen eskutik espero nuen erantzunak topatzea eta irakurketa atsegina bezain interesgarriaz gozatzea.

Hala ere, pertsona baten ibilbidea ezagutzera ematea ez da lan makala, eta, nire ustez, tranpaz beteta dago, laudorio hutsaletan edo kritika gupidagabekoetan erortzea oso erraza baita. Zorionez, Olasagastiren lana objektibo bezain orekatua da eta; gainera, garaiko gizartearen zertzelada egokiak eskaintzen dizkigu, Iradierren bilakaera hobeto ulertzeko. Azalpen ulergarrien baina ez inozoen bidez, aurrera eramaten gaitu protagonistaren abenturak ezagutzera: datu historiko argiak baina ez astunak, pasadizo umoretsuak baina ez komikoak eta zoritxarreko gertaerak azaltzen dira negarrarazi gabe; eskertzekoa da Iradierren alde ilunak ez ezkutatzea.

Liburua gomendagarria da, baina, kritikagarriak iruditzen zaizkit pasarte batzuk, lexikoa eta sintaxia korapilatsuak baitira; ulergaitz samarrak dira bereziki 43. orrialdearen bukaera edota 59. orrialdearen bigarren paragrafoa, besteak beste). Pertsonaia batzuen definizio falta eta Elombuangani, Iradierren anaia txikia, edo lagun batzuen bat-bateko desagerpenak ez dira egokiak istorioa garatzeko. Mapen eta datu grafiko gehiagoren falta ere sumatu dut.

Esandako guztiaren ondorioz, biografia on baten aurrean gaudela esango nuke. Afrikako gorabeherak eta ametsak argitzeko egokia, eta euskal esploratzaile petoenaren bizitza-egitura eta bilakaera ezagutzeko aukera aparta.
Josean (2016)