Morto Vivace 
Gotzonek liburu bat irakurri behar genuela esan zigunean, ez nekien zer aukeratu. Urduri jarri nintzen, ez baitut euskaraz irakurtzen: ez nago ohituta. Beti irakurtzen dut gazteleraz.
Banekien Jon Arretxeren liburuak erraz irakurtzen direla, eta, horregatik,  idazle horren liburu bat aukeratu nuen. Gainera, atsegin dut nobela beltza.
Morto Vivace oso erraz irakurtzen da: hiztegiaren aldetik ez dauka zailtasunik, eta istorioaren haria ez da galtzen. Niri gustatu zait liburua, baina esango nuke ez dela nobela ona.
Eleberria Pariseko Pigalle auzoan kokatuta dago. Miarritzeko abesbatzakoek uztailaren 14a ospatzen duten bitartean, hilda agertzen da haietako bat Sena ibaian, bateau-mouche batean afaltzen daudela. Hilketa ikertzeko, bi inspektore daude: Martinez, magrebtarra, eta Perrot, beltza. Ez da ikertu behar duten hilketa bakarra: beste hilketa bat gertatzen da. Lau egunean argitu behar dituzte hilketak. Homosexualitatea, drogak eta Pigalle auzoko giroa batera agertzen dira nobela honetan.
Liburua bukatu eta gero, aitortu behar dut euskaraz irakurtzeko gogoa piztu egin zaidala eta tituluren bat daukadala buruan irakurtzen hasteko.

Itxaso Olmos (2018)