Musika airean

 

Karmele Jaiok,  eleberri honetan, hiztegi oso erraza eta sinplea darabil; hain erraza, ze arin-arin irakurtzen da.
Protagonistak, Elenak, laurogeita bost urte inguru ditu eta bakarrik bizi da. Leihotik begira igarotzen ditu egunak bere isiltasunean, bakardadean eta oroimenean murgildurik. Elenaren bizitza zeharo aldatuko da seme-alabek Ekuadorko neska gazte eta alai bat berarekin bizitzeko kontratatzen dutenean.
Nobelan, elkarrekin lotuta dauden hiru istorio dauzkagu: alde batetik, Elenaren eguneroko bizitza eta oroimenak; bestetik, protagonistaren semearen eta errainaren arteko tirabirak; azkenik, Ekuadortik etorritako neska gaztearen eta haren familiaren bizipenak.
Liburuan, gai ugari azaltzen dira: alde batetik, adiskidetasuna, maitasuna…, eta, bestetik, bakardadea, jelosia, gorrotoa, heriotza…
Istorioa musikarekin hasi eta amaitzen da, eta badirudi bizitzaren gorabeherak notekin konparatzen dituela: batzuetan, nota altuak, memento onak irudikatzeko, eta, besteetan, nota baxuak, une  goibelak edo txarrak adierazteko.
Gaur egun etxe askotan dagoen arazoa azaltzen du: zahartzaroa, bakardadea, zaintza… Irakurtzea gomendatzen dut, nahiz eta, egia esanda, memento batzuetan triste sentitu naizen, inguruan antzeko egoera dut eta.
Belen (2018)


    Idazleak, bere istorioarekin, bizitzak berak gorabeherak dituela erakusten digu. Istorio nagusi bat kontatzen digu eleberriak, eta, horren barruan, zenbait istorio eratzen dira.
Bertan, gai desberdinak tratatzen dira: batetik, maitasuna, adiskidetasuna eta gaztetasuna; bestetik, gorrotoa, inbidia, mesfidantza, heriotza eta etorkinen egoera.
    Protagonista laurogei urteko emakume bat da. Elena du izena, eta bakarrik bizi da alargun gelditu zenetik. Leihotik begira igarotzen du eguna, egongelako besaulki batean eserita. Baina Elenaren bakardadea eta monotonia laster apurtzen dira, seme-alabek Ekuadorreko neska gazte bat kontratatzen dutenean berarekin bizitzeko.
Istorioan zehar, Elenak izandako bizipenak kontatzen dizkigu bere inguruko pertsonaiak aurkezten doan heinean. Horiei gertatutakoek istorioa osatzen dute eta irakurlearen jakin-mina piztu egiten dute.
Sentsazioz eta sentimenduz beteriko eleberria dugu. Irakurtzen  oso erraza den kontakizuna da; esaldi laburrez, hiztegi sinplez, konparazioz eta metaforaz baliatzen da.
    Iratxe (2018)

 

Eleberri intimista da hau, erraz irakurtzeko modukoa. Idazkera erraza, xumea eta bizia darabil. Hiztegi sinplez, esaldi laburrez eta metaforaz eta konparazioaz baliaturik, sentimenduen munduan murgiltzen gaitu idazleak.
Pertsonaien eta haien bizipenen bidez, bizitzaren gainean hausnarketa egiten du Karmelek eleberri honetan. Bertan, argiak, itzalak… agertuko zaizkigu. Adiskidetasuna, inkomunikazioa, immigrazioa, familia, ezkontza, zahartzaroa eta beste hainbat gai ere jorratzen dira istorioa aurrera doan heinean.
Bakardadean hasi, eta adiskidetasunean amaitu. Elena Euskal Herriko edozein herri txikitako emakumezkoa da. Alargundu zenetik, egunak (eta bizitza bera ere) etxetik irten barik ematen ditu, leihotik begira. Isiltasuna eta bakardadea baino ez ditu nahi. Seme-alabek Beatriz (Ekuadorreko etorkin bat) eramaten diote etxera beraz arduratzeko, eta, bide batez, kalera ateratzea lortzeko.
Idazleak gaur egungo gai bat azalarazten duela ezin da ukatu; erakargarria benetan. Hala ere, irakurlea bizitzan garai ezkor bat pasatzen egonez gero, liburua apalategian uztea gomendatzen dut. Baina ez utzi hor betiko. Irakurtzea merezi du eta.
Bego Salazar (2017)

 

Emakume alargun adinekoa, bakarrik bizi dena, erdi elbarritua, kalera irteten ez dena, isiltasuna gustatzen zaiona, berak esanda “izozten” joan dena. Horixe dugu protagonista.
Haren zeregin bakarra leihotik begiratzea eta oroitzapenetan murgiltzea da. Eta burutazioak, bereziki, haurtzaro eta gaztaroko oroitzapenak dira, baita gaztetan lagun mina izandako eta orain etsai amorratu duen andrearen ingurukoak ere. Andre horren istorioak sekretu bat gordetzen du.
Baina protagonistaren seme-alabek pertsona bat kontratatzen dute, egunean hogeita lau ordu emakumearekin egoteko: Ekuadorreko neskato gaztea, alaia.
Ematen du gauzak aldatuko direla, baina ez, edo, behintzat, ez irakurleak espero bezala; edo, agian, gero bai? Eta sekretua? Jakingo dugu?
Sentimenduzko eleberri polita, erraz ulertzekoa. Benetan, gomendagarria.
Carlos (2016)

Liburu honetako protagonista Elena da, eta, alargun geratu zenetik, bakarrik bizi da. Orduak ematen ditu leihotik begira. Haren bakardadea eta bakea apurtzen dira Ekuadorreko neska bat (Beatriz) harekin bizitzera etortzen denean. Plazara begira ikusten du Elenak Carmenen etxea. Carmen haren adiskide mina zen txikitan, eta Elenak gogoratzen du banandu ezinak zirela egun haietan eta haserretu egin zirela orain dela hogeita hamar urte.
 
Musika aipatzen du Karmelek liburuan zehar une batzuetan; adibidez, Elenak abesti batzuk gogoratzen dituenean, Beatrizek abesten duenean...

Eleberria sentimenduz beteta dago: haserrea, tristura, mespretxua, gorrotoa, alaitasuna, adiskidetasuna, barkamena…

Karmelek metafora batzuk egiten ditu liburuan:
«Goiza ume jaioberri bat da, baina eguerdirako jada ihes egin dio inozentziak. Arratsaldeak oroimenaren karga astuna darama, eta gauak ez dauka barkamenik. Egunak denonak dira. Gauak, aldiz, bakoitzarenak. Eta norberak egin behar die aurre. Bakar-bakarrik.»
«Arrain zopa egiteko ez dagoen moduan, bizitzarako ez dago errezetarik


Euskara errazean dago idatzita liburua, erraza baina sakona. Adiskidetasunaz eta bizitzaz hausnartzen lagundu ahal digu liburu honek. 

Itziar, 2016


Musika airean Elenaren bizitzari buruzko hausnarketa sakon bat da: maitasuna, gorrotoa, adiskidetasuna, zeloak, etsipena…
Elenak urteak ditu, zahartzaroan dago, alarguna da. Herri txiki batean (agian Lekeition) bizi da. Seme-alabek Ekuadorreko neska bat ekarri diote etxeko lanetan laguntzeko.
Nobelaren hasiera gogorra edo tristea izan daitekeen arren, aurrera doan neurrian, itxaropenera eramaten gaitu. Karmele Jaiok adierazi zuenez, “bakardadeaz idazten hasi nintzen, eta  adiskidetasunaz idazten bukatu”.
Elenak  egongelan pasatzen ditu egunak, besaulki batean eserita,  leihotik begira, orain zer gertatzen ari zaion hausnartzen: bere zahartzaroa. Aldi berean, izandako bizitza gogoratzen digu: haurtzaroa eta gaztaroa.
 Hitz gutxiko emakumea da; beraz, irudien bidez azaltzen dizkigu oroitzapenak: herriko plaza, kioskoa eta eliza. Istorioan, hiru elementu horiek ere pertsonaiak direla esan genezake, musikarekin batera. Plazako kioskotik irteten den musikarekin  hasten eta bukatzen da eleberri hau.
Elenak nahi duenean, beste protagonistak zein diren jakinarazten digu apurka- apurka:  bere betiko lagunak, senarra, seme-alabak eta duela gutxi bere bizitzan sartu berria den Beatriz.
Belaunaldi ezberdinak agertzen zaizkigu nobelan. Nahiz eta oso diferenteak izan, azkenean, egoera batzuk errepikatu egiten dira guztietan, eta horrek ere, melodia, musika eta erritmoa ekartzen  digu.
Elenak nobelan kontrol gehiena izan arren, gu, irakurleok, izango gara protagonistaren sekretuen  jakitunik handienak. 
Merezi du musika honen erritmoan aritzea, adiskidetasunari idatzitako bals hunkigarria baita.
Mertxe (2015)

 

Liburu honen gai orokorra bizitza bera da, baina beste gai asko ere jorratzen ditu: maitasun-harremanak, amodioa eta desamodioa, bikote-harremanak, adiskidetasun-harremanak, haurtzaroa, zahartzaroa, haserrea, erruduntasuna, barkamena, amorrua…
Metafora eta konparazio etengabez idazten du Karmele Jaiok, eta, izatez, Musika airean izenburuak ere nahiko  funtzio metaforikoa du . Eleberri hau plazako kioskotik irteten den musikarekin hasten eta bukatzen da.
Testuan, alde batetik, emakume protagonistak, lehenengo pertsonan, bere bizitzaren berri emateko kontatzen dituenak agertzen dira; tarteka, kontalari orojakile batek hartzen du istorioa kontatzeko ardura; eta, azkenik, eleberriko pertsonaien arteko elkarrizketa motz batzuk agertzen dira.
Protagonista, Elena, zahartzaroan dagoen eta alarguna den emakumea dugu. Hark egongelan pasatzen ditu egunak, besaulki batean eserita, leihotik begira. Eta leihotik begiratzen duen bitartean, kanpoko bizitza pasatzen ikusten du. Seme-alabek Ekuadorreko neska bat ekartzen diote etxeko lanetan laguntzeko eta etxetik ateratzera animatzeko. Elenak, bertan geratu nahi du, bere oroitzapenei atxikita. Elenaren tristeziari eta isiltasunari neska horren  alaitasuna eta zarata kontrajartzen zaizkie.
Nobela honetan istorio bat dago, eta istorio nagusian txirikordatzen diren zenbait istorio. Protagonista nagusia Elena izan arren, gainerako pertsonaien bizipenak ere kontatzen dira liburuan. Liburuak sekretu bat gordetzen du: gaztaroko adiskide Carmenekin haserretzeko benetako arrazoia. Tentsio horrek emango dio intriga istorioari. Harreman gehiago ere badira: Beatriz zaintzailearen eta Rikardo medikuaren artekoa, Elenaren seme Sabinek bere emaztearekin duena …
 Musika airean gustura eta erraz irakurtzeko nobela da. Gonbita onartu edo ez, irakurleak egin beharko du aukera.
Myriam, 2015