Mussche

 

Espainiako Gerra Zibilean, Gernikako bonbardaketa gertatu (1937), eta gerragatik arriskuan zeuden  umeak erbesteratzea erabaki zuen euskal gobernuak.  Karmentxu Comín eta haren anaia, esate baterako, Belgikara bidali zituzten. Han, Musschetarrek hartu zuten Kamentxu.
Karmentxuren istorioa alde batera utzita, Robert Musscheren  bizitzan ardazten da eleberria.
Hasieran, Roberten gaztaroko kontakizunak azaltzen zaizkigu: Karmentxurekiko erlazioa eta  Herman Thierryrekiko harremana —Robertek ez zuen  argi Thierry laguna soilik zen, ala zerbait gehiago —.
Naziek Belgika erasotu zutenean, ospitalean gaixorik zegoela Vice  ezagutu, eta berarekin maitemidu zen Robert. Ordura arte, ez zuen erakutsi emakumeenganako interes handirik, kultura eta idealek xurgatuta bizi zelako,  baina orduan argi ikusi zuen bera izango zuela beti-betiko bikotekide.
Ezkondu, eta alabatxo bat izan zuten: Carmen izena jarri zioten, Karmentxuren omenez.
Bigarren Mundu Gerran Belgikako okupazioa aurrera zihoala, emaztea eta alaba txikia bakarrik utzita, erresistentzian sartu zen, eta, klandestinitatean, nazien aurkako atentatuak egiten ibili izen.
Salatu, eta preso eraman zuten Alemaniara, Neuemgammeko kontzentrazio-eremura.  Han, kalamitate izugarriak jasan zituen, baina aurrera egitea lortu zuen. Gerra ia bukatuta zegoela, zorteak huts egin zion, eta  gertaera militar malapartatu batek erabaki zuen gure mutilaren patua.
Liburuaren hondarrean, azkenik, honako hau dakar Kirmen Uribek, kazetari-estiloa baliatuta: Robert Musscheren ondorengoekin elkarlanean zebilela gertatutakoak.
Iritzia:
Eleberri ederra, istorio erreal baten oinarritua.
Bertan, harremanez, amodioaz eta adiskidetasunaz gain, guda batek sortzen duen burugabekeriaz eta krudeltasunaz mintzatuko zaizu idazlea.
Pasarterik pasarte, baietz behin eta berriro hunkitu!
Niri Robertek ukitu dit barrua: hain pertsona ona, idealista, balioz betea… Zenbat egoera latz, eta beti aurrera…
Idealista baten patu txarra: berba horiekin laburtuko nuke eleberriaren gaia.
Javier (2018)

 

Naiz eta eleberria Españako Guda zibilean hasi eta II Mundu Gerran amaitu, benetako mamia adiskidetasuna da. Uribek, egileak, Robert Mussche idazlearen bizitza kontatzen digu, baita haren ametsak ere. Robert erromantikoa da eta pentsatzen du maitasunak bizitza mugitzen duela. Haren bizitzan hainbat emakume maite izan ditu: Karmentxu, euskal neskatila; Carmen, alaba; Vic, emaztea, eta Herman, lagunmina. Nire ustez, harremanik inportanteena Herman lagunarekin izandakoa da. Gaztetik izan dira lagunak eta, hainbat gorabehera pasatu arren, jarraitzen dute lagunak izaten betiko.
Eleberria guretzat oso memento berezi batekin hasten da, gure historia izan delako. Izan ere, Espainiako Guda Zibilean, Euskal Herritik kanpora haur askok ihes egin behar izan zuten Europako hainbat herrialdetara. Horietariko bat Karmentxu Cardin zen, Bilboko neska. Musschen familiak, Belgikan, Gantesen, hain zuzen ere, neska hartu zuen. Oso ondo bizi ziren elkarrekin bi urtean. Gero, Karmentxu bueltatu zen Bilbora eta, haien arteko harremana moztu arren, Karmentxuk Robertengan eragin handia izan zuen. Ordutik, giza eskubideen alde gogoz lan egin zuen protagonistak.
II Mundu Gerra heldu zenean, Robertek Vic ezagutu zuen, ospitalean zauriturik zegoenean. Ezkondu eta Gantera joan ziren bizitzera; alaba izan zuten eta zoriontsuak izan ziren Hermanek Robert nazien aurkako errezistentziako talde batean sartzea proposatu arte. Horrek ondorio larriak eragin zizkion Musscheri. Bi lagunen arteko elkarrizketak eta hausnarketak sakonak eta zintzoak ziren.
Pertsonaien arteko harremanen bilakaera adierazten digu Uribek: nola aldatzen diren gaztetan eta nagusitan; nolakoak diren guda baino lehen eta geroztik; nola aldatzen den bizitza: hasieran, erraza, alaia…,eta gero, zaila, gordina; nola gizarte–mailak mugatzen gaituen.
Beraz, liburuan, egileak oso ondo jakinarazi dizkigu harremanak, sentimenduak, emozioak… Gainera, nobela historikoa denez, bai Espainiako Gerra zibila, bai II Mundu Gerrako datuak, egoerak, lekuak, izenak… ezin hobeto kontatzen dizkigu Uribek. Horrela, egileak trebetasuna eta argitasuna adierazten ditu.
Julia, 2017

 

Nire ustez, Kirmen Uribek bere bigarren eleberrian adiskidetasunaren gainean hitz egiten digu. Robert Mussche idazlearen  bizitza kontatzeaz gain, harentzat adiskidetasuna zer den azaltzen digu. Nerabezaroko lagun-minarekin, Herman Thieryrekin, hasten da eleberria, eta emaztearekin, Vic Opdebeeckekin,  bukatzen da. Hermanekin duen adiskidetasuna betikoa eta betiko da. Nahiz eta harremanak alde ilunak eduki, beti irauten du haien bihotzean. Nire ustez, erlazio hori da liburuaren oinarria, haien harremanekin dena hasten eta bukatzen delako.
1937. urtean, Roberten gurasoek Karmentxu Cundin —Gernikako bonbardaketaren ondoren erbestera joan ziren umeetariko bat— beren etxean, Ganten, hartu zuten. Karmentxuk ere garrantzi handia dauka Roberten bizitzan, eta neskaren eragina nabaria da liburuan zehar. Bigarren Mundu Gerran, Robert  zauritu egin zuten, eta, ospitalean zegoela, emaztea izango zuena ezagutu zuen. Berarekin beste adiskidetasun mota bat izan zuen.
Liburua oso interesgarria iruditu zait; pertsonaiak oso ondo landuta daude. Liburua oso gomendagarria da.   

Elena, 2016