Nevadako egunak


Batez ere, Atxagak idatzitakoa delako aukeratu nuen Nevadako egunak. Irakurriak ditut egile horrek idatzitako liburu batzuk; besteak beste, Bi letter, Obabakoak eta Soinujolearen semea, eta aitortu behar dut gustukoak ditudala haren idazkera eta kontatzen dituen istorioak.

Ez da erraza Nevadako egunak literatura sailkatzeko molde klasikoetan kokatzea. Oro har, nobela dela esan dezakegu, baina Atxagak berak soinu-banda batekin konparatzen du liburua, edo serie matematikotzat jotzen du: osagai asko eta asko daude serie matematiko batean, eta, haien artean, zenbait erlazio azaltzen dira.  

Horrela, bada, egitura berezi baten aurrean gaude: hasierako Nevadako egonaldiaren kronika hutsa izatetik, pasarte nobelatua izatera pasatzen da; edo, alderantziz, gertakizun bera  —desertura egindako txangoa, adibidez— era nobelatuan kontatzen du lehenik, eta hurrengo atalburuan, kronika legez. 

Atxagak ez digu kontatzen istorio bakar bat; ez dago, nobela klasikoetan bezala, hari bideratzaile bat eta bigarren mailako istoriorik: kronika, nerabezaroko oroitzapenak, ametsak (guztiz literarioak), Nevadarekin lotura zuzena duten pasadizoak eta hiltzaile baten inguruko jarraipen poliziala tartekatzen dira, besteak beste. Bukatzeko, Azken Pieza deritzona eta Renoko Reno Gazette Journal egunkarian argitaratutako pare bat berri. Bitxia, benetan.

Maisuek bakarrik egin ditzakete horrelako lanak.

                                             Mikel