Ni, Vera


Bere lehen eleberrian honetan, zoramenaren esperientzia bizi duten bi emakumeren bizitza kontatzen digu Itxaso Martinek: Martina Petritegirena  eta haren birramona Vera Etxeberriarena.

Bi zatitan banatzen da nobela. Lehenengo zatiak  Martinaren erraietan murgilduko gaitu: ez da gai etxetik irteteko, bikotekideari atea irekitzeko edo amarekin telefonoz hitz egiteko, eta begiak ordenagailuaren pantailari lotuta ditu, obsesionatuta. Zoratzen ari dela konturatzen da. Mutil-lagunak konbentzituta, psikologoarengana joatea erabakiko du, eta, haren laguntzaz, haritik tiraka hasita, eleberriaren
bigarren zatira eramango gaitu, bizitza erdia psikiatrikoan eman zuen Vera Etxeberria birramonaren istorioa ezagutzera. Senarrak zoroetxean sartu zuen Vera 30eko hamarkadan, seme-alabengandik banatuta, eta hantxe eman zuen bizitza osoa, tristuran murgilduta.

Liburuaren egitura berezia da. Kapituluak trantzeen izena hartzen dute.  Ez da kasualitatea izenburuak trantze izena hartzea estualdia edo larrialdia adierazteko: “Lehenengo trantzea Beldurra”, “Bigarren trantzea Psikologia”, “Hirugarren trantzea Eromena”, “Laugarren trantzea Familia”, “Bosgarren trantzea Psikiatra, psikiatrikoa eta psikiatrikoko zuzendaria”, “Azken trantzea Ni, Vera” eta, azkena,  “Epilogoa Agurra”.

Idazleak estilo berezia hautatu du idazteko: narratzailea bigarren pertsonan azaltzen da, eta, gainerakotik bereizteko, letrakera arrunta erabiltzen du; protagonistak hitz egiten duenean, ostera, lehenengo pertsona eta  letrakera etzana baliatzen ditu;  elkarrizketetan, ez da gidoirik agertzen, eta, sarritan, esaldi motzak aukeratzen ditu —batzuetan, hitz bakar bat lerro batean— kontakizuna bizkortzeko; errepikapenak  ere ugariak dira.


Interesgarria iruditu zait eleberria, irakurtzeko atsegina, erraza. Idazleak ezin hobeto lortzen du gu barneko ezinegonarekin identifikatzea, eta Martinak sentitzen dituen hainbat sentsazio sentiarazten dizkigu: hotza, tristezia, zoramena…

Bestalde, idazlea saiatu da eromena egituran — hau da, idazkeran— eta edukian islatzen, eta uste dut lortu duela.

Eva (2018)

 

Itxaso Martin Zapirainen lehenengo eleberria da Ni, Vera eta, oraingoz, bakarra. Eleberri honen abiapuntua idazlearen bizitzan dago; izan ere, Itxasok pasatutako krisi handi batek psikologo bat bisitatzera eraman zuen, eta horrek egindako lehenengo galderak zabaldu zien bidea idazlearen hutsunearen araketari, eta horrekin batera, eleberriari (2012) eta Itxaso Martin Zapirainen Antropologia ikasketetako tesiari (2015).
Hona hemen psikologoak egindako galdera: “Baduzu aurrekaririk familian? Batzuetan genetikak izaten du eragina gaixotasun hauetan”.
Familian inork ez du inoiz aipatzen, baina Itxasok badaki aitaren amona batek, amaren partetik, urte asko eman zituela psikiatriko batean; Vera zuen izena Itxasoren birramonak. Hortik dator eleberriaren izenburua: Ni, Vera. Itxasok  hitz-jokoa egiten du (ni, bera).
Eleberriaren protagonista Martina da, zoratzeko zorian sentitzen den emakume bat. Nahiz eta bere mutil-lagunak lagundu, nahiz eta psikologoarenera joan, Martina gero eta txartoago sentitzen da, bere barne-hutsunea gero eta handiagoa da eta.
Psikologoak egiten dion galdera baten harira hasten da pentsatzen berari gertatzen ari zaionak zerikusia duela bere birramonari gertatukoarekin. Horrexegatik hasten da birramonaren sekretua argitu nahian,  senideei galdetuz, psikiatrikora joanez eta hor daudenekin hitz eginez.
Zazpi atalek osatzen dute eleberria, eta guztiek, azkena izan ezik, trantze izenarekin azaltzen dira. Hitz horrek adierazten digu protagonistak bizi duen desesperazioa, eromena; baina egonezin hori honela ere lortzen du idazleak: narratzailearen zatiak 2. pertsonan eta protagonistarenak 1. pertsonan tartekatuz, elkarrizketetako gidoiak kenduz eta esaldi motz-motzak erabiliz. Erritmoa une batzuetan zoratzeko modukoa da: protagonistaren barneko egonezina sentiarazten dizu.
Argi gelditzen da paralelismoa errealitatearen eta fikziozko istorioen artean, idazlearen eta haren eleberriko protagonistaren artean.
CARMEN COSTOYA (2017)