Nora ez dakizun hori

 

Ez dakit zergatik, baina Nora ez dakizun hori aukeratu nuen irakurtzeko: agian, irratian liburu horri buruzko komentarioa entzun nuelako. Irakurtzen hasi bezain pronto, han agertu ziren zalantzak, ulertzeko ez zitzaidan-eta erraza iruditu. Baina, istorioak aurrera egin ahala, argitu egin zitzaizkidan zalantzak, eta harrapatu egin ninduen guztiz.
Liburuan, bi pertsonaiaren istorioak eta bizitzak agertzen dira lotuta. Puzzle baten piezak bezala, pertsonaia guztiak elkartzen dira istorioa osatzeko: Martin, argazkilari gaztea; Nora, irratian gauez lan egiten duen emakume gaztea; Rosa, laster hilko den Noraren amuma; Martinekin bizi den gerra kazetari zaharra.
Gai fantastikoak eta errealak nahasten dira natural-natural: maitasuna, kezkak, nostalgia, likantropia, banpirismoa, magia, sorginkeriak eta ipuinak. Ipuinez josita dago istorioa, eta pisu handia dute liburuan.
Liburuaren egitura berezia da: istorioa saltoka doa iraganetik etorkizunera, eta buelta orainaldira; pertsonaiak ere jirabiraka, leku batetik bestera. Jolas horretan datza liburuaren xarma. Gozatzeko liburua dugu, inondik ere, Nora ez dakizun hori.
Lourdes (2018)


Irale programaren R300 ikastaroa hasi berria nuen, eta liburu bat irakurtzea proposatu zigun irakasleak. Bat-bateko proposamen hori gogoz hartu nuen, denbora luzea pasa izan bainuen euskaraz idatzitako libururik irakurri gabe. Baina, laster burura etorri zitzaidan galdera hau: zein izango ote da nire aukera? Berehala, ikaskide batengandik etorri zitzaidan erantzuna: Nora ez dakizun hori, Irati Jimenezek 2009an idatitzako liburua, hain zuzen ere.
Ez naiz damutu aukera hori egiteagatik, Nora ez dakizun hori elberriak hasieratik erkartzen zaituelako. Bi istoriok –elkarren artean zerikusirik ez dutenak– dirudite. Baina, narrazioan zehar aurrera egin ahala, konturatzen zara istorioak elkartzen direla armiarmak amarauna ehotzen duen gisara, bereiztezinak bihurtu arte. Joku honetan datza, hain zuzen ere, irakurlea erakartzen duen zergatia, behin eta berriro datorkizulako bururura zer nolako harreman motak elkartzen dituen pertsonaia hauek: argazkilari bat, gaueko irratsaioan ari den emakume esatari bat, hiltzear dagoen emakume bat eta gerrako kazetaria izandako gizon bat.
Nobelak gai fantastikoak lantzen ditu: likantropia, banpirismoa, magia… Baina, horiek ez dira aitzakiak baino, haien atzetik gizakiok bizi ditugun kezkak daudelako: amodioa, nostalgia, beldurra …
Egiturari dagokionez, Nora ez dakizun hori nobelak egitura berezia du –istorioak atzera eta aurrera, alde batetik bestera egiten du–; hala ere eta gezurra badirudi ere, hori ez da irakurketarako oztopoa; istorioarekin gozatzeko une paregabea bizi izan ahal baitaiteke.
Lorea, 2017


Ezinen ameslariei (burrunba!)
hirien argazkilariari, davidi, ipuingabeei,
nigan sinistu duzuenoi, amari,
baina bereziki Edorta Jimenez
ipuin bihotz, ipuin fededun, ipuin egile eta ipuin aztiari:
Aitari, maitasunez.


Hitz horiekin hasten du Irati Jimenezek  bere bigarren eleberri hau, Nora ez dakizun hori.  Eleberria  da, baina, eskaintzan dioenez, ipuinen omenez idatzita dago; ipuinez kutsatuta. Errealitatea eta fikzioa  nahastuta daude argumentuan, eta ipuinek paper nagusia hartzen dute, bai istorioan, bai  egituran. Nobela maitagarri bat sortu du.
Liburua amaitzen denean, konturatuko gara zer nahi duten eta nortzuk diren ere ez dakiten pertsona batzuei buruzko istorioa dela;  baina, ipuinez eta fantasia handiz hornituta, oso istorio aberatsa idatzi du Irati Jimenezek. Jokoz beteta.   Irakurtzen duzun ahala osatzen dena, puzzlea balitz bezala. Denboran atzera eta aurrera eginez, eta leku batetik  bestera joanez, tantaka, pertsonaien bizitzaren zehaztasunak  ezagutzen ditugu.
Bi pertsonaia nagusien eskutik  hazten da istorioa. Martin, argazkilaria, bere kamerarekin hainbat hiritako pertsonak  harrapatzen dituena, eta  Nora, gauez irrati-programa batean musika  jarri eta bere ahots eztiarekin  pertsonen gaueko bakardadea estaltzen  duena.
Haien  istorioak era paralelo batean  garatzen dira.  Nobela aurrera joan ahala,  gero eta lotura gehiago agertzen  dira bi istorio horien artean. Azkenean, sare moduko bat osatzen da, eta, sare horretan, aingerua, banpiroa, likantropoa, magoa eta sorgina topatzen ditugu. Eta ipuinak, egia ezagutzen laguntzen diguten ipuinak.
Olatz Ayastuy (2017)

 

Liburu bat irakurri behar nuen ikastaro honetan. Nahitaezkoa da? Bat bakarrik? Opari bat besterik ez zen. Liburutegira joan, eta bat aukeratu nuen: Nora ez dakizun hori, Irati Jimenezena.
Eleberri honetan bi pertsonaia nagusi agertzen dira: Nora eta Martin. Norak gauez irratian egiten du lan, eta Martin argazkilaria da. Martinek, munduan zehar argazki-bilduma egin eta gero, Bilbora itzuli da, erakusketa bat antolatzera. Biak umezurtzak dira; baina ez dira bakarrik bizi:  amamarekin Nora, eta agure batekin Martin. Liburuan zehar ipuina hitza agertzen da behin eta berriro; hain zuzen, ipuinetako pertsonaia fantastikoen kutsua du.
Istorioa ez dago kronologikoki kontatuta: iraganera saltoak egiten ditu eta berriro bueltatzen da; baina ulergarria da, ondo idatzita dago, irakurlea ez galtzeko. Gainera, gurekin jokatzen du Iratik: istorioa aurrera doan heinean, datu zehatzagoak agertzen dira, eta, honela, pertsonaien arteko konexioez konturatzen gara. Hiztegiaren aldetik, aberatsa baina ulergarria da (beti eskertzekoa da).
Amaitzeko, liburua entretenigarria da; gainera, hiztegia zein gramatika aberasteko, aukera paregabea. Benetan gomendagarria.
Mari Cruz, 2015

Idazle gazteentzako Igartza bekan akzesita lortu ondoren argitaratu  zuen Irati Jimenezek eleberri hau, maiteminduen ipuinak eta ipuinekin maitemintzea; fikzio puntu batekin.
Batetik, Martin dugu, urteetan munduan barrena ibili ondoren Bilbora itzuli dena argazki-erakusketa bat egiteko asmoz; eta hor non ikusten duen, hainbat hiritan egindako erretratuetan, emakume bera agertzen dela beti. Bestetik, Nora, irratian gaua bere ahots eztiaz janzten duena, baina hainbat sekretu gordetzen dira haren etxean, gaziak eta gozoak. Maitasun ezinezkoak eta kasualitate gertagaitzak topatuko dituzu eleberri honetan, likantropoak eta banpiroak, arima erosten duten aingeruak, ama hil ostean jaiotako haurrak, magoak, bidaiak, ipuinak…
Idazleak naturaltasunez zera egiten du: kontakizunean salto orainalditik iraganera zein etorkizunera jostari. Jauziak denboran eta saltoak lekuetan. Munduan zehar ibilitako pertsonaiak baitira: lanean, bidaian, Amerikak egiten. Noraezean, apur bat galduta, agian ihesian. Etxera itzuli direnak, nora itzuli ez dutenak.

Miren (2015)

 

Irati Jimenezen bigarren eleberria da hauxe. Liburuaren ardatza bi bikotek osatzen dute eta haren egitura horren arabera eraiki du autoreak. Bi kontakizun paralelo direla ematen du, baina,  aurrera egin ahala, protagonisten bizitzako hariak lotzen joan behar du irakurleak, bai zeharka eta, baita ere,  atzetik aurrera. Egitura berezi hori da nobelaren ezaugarrietariko bat, batzuetan barruko muina harrapatzea zailtzen duena.
Azken batean, giza harremanak dira kontakizunaren erreferentzia eta ardatza. Alde batetik, bikote bakoitzaren erlazio afektiboa islatzen da eta, bestetik, bi protagonista nagusien artekoa, Nora eta Imanolen artekoa. Bigarren harreman hau eleberrian zehar doa sortzen eta garatzen, eta, jakina,  maitasun-istorioek berezko dituzten gorabehera, zalantza eta ezintasunez zipriztinduta dago liburua.
Gainera, kontu erdi fantastikoak ere ageri dira eta horrek ukitu magikoa eransten dio nobelari. Izan ere, hiru elementu nagusik ematen diote xarma eta izaera eleberri honi: kontakizunak berak, egitura  bereziak eta aipatutako fantasiazko zertzeladek.

Iñigo