Note book

Zer da Pako? Sagua, txoria? Pako… sagua ez! Txoria da, baina batzuetan sagua da, Pako saguzarra da. Urrestilarra zirikatzailea, zorrotza, gordina, goxoa, transgresiboa da. Note book sailkaezina da, ez dakit kazetaritza edo saiakera den, agian poesia, kronikak ere baditu, ez da erraza  liburu honi etxea aurkitzea. Note book Pakoren koadro intimo  postinpresionista da. Pintzelkada askea, kolore biziak  eta sentimenduak dantzan.
Gaur egungo jendartearen miseriak pintzelkada askez erretratatuak, gordintasun xamurrez eta xamurtasun gordinez. Errealitateak sortzen ditu koloreak, eta injustiziak pintzelkadak azkartu eta askatu egiten ditu.
Hamaika lekutan idazten ikusten dut idazlea, folioetan, paper txataletan, komuneko paperean, supermerkatuko tiketetan… edozein leku delako aproposa  bihotzaren negarrak aireratzeko.
Note book mila sentimenduzko pintzelkadaz osatutako irudia da, gu eta gure inguruaren argazki ezin hobea.
Erraz irakurriko duzun liburua da hau, baina nekez ahaztuko duzuna.

Ibon