Odol mamituak

Alaine Agirreren liburu honetan “Gorria” da protagonista; eta ez  da pertsona bat, baizik eta neska protagonistaren barruko egonezina, sinbologia itzela duen hitza: odola, itomen sentsazioa, gordintasuna, barne bizitzarekiko begirada, bihotz taupadak, arrakalak, atxiloa, zainak… Liburuaren hasieran, aipamen bat dago: ”Gorroto ditut emozio moderatuak”, eta ederto laburbiltzen du esaldi horrek idazleak niri – eta irakurle guztiei, ziur nago – eragin didan enbata.
Lehen esan dut “Gorria” dela liburuaren protagonista, baina egia esateko, “Gorri” horrek barru guztia gordintasun osoan janda dio gure neska protagonistari, eta esango nuke idazlea berari ere, liburuan “A” deitzen dena. Hitzaurrean Miren Agur Meabek dioen moduan, Alainek idazkera organiko-anatomikoa darabil: usainak, gorputz-jarioak, odola… Horrela hasten da obra, ospitalean, hara eraman baitute “A”, zainak moztuta. Lehenengo mometuetatik, gorputz sentsazio horiek guztiak (opresioa, noraeza, antsietatea…) islatzen ditu; —terriblea da idazleak nola sentiarazten dizun haren barne egoera, nire aurpegian ere senti nitzakeen keinu desatseginak, nazka–  egoera horretara helduta, liburua irakurtzeari utziko niola erabaki nuen–, baina ez zen hala izan.
Aurrera jarraitu nuen. Bigarren atalean baretu egiten da obra, “hezur eta azal” baino ez da sentitzen “A”; baina, behintzat, besteekin harremantzen hasten da, “W” doktorearekin terapia egiten, gertatu zaionari azalpena bilatzen, haren bizitza-ibilbidea aztertzen: Noiz gertatu zen haustura? Zelan? Zergatik? “Gurasoek maite ninduten baina ez ninduten ikusten”. Nola osatu norberaren bizitzaren puzzlea? Erabat zatituta sentitzen den pertsonak lan handia dauka bere barrua egituratzen, eraikitzen, sendotzen.
Hirugarren atalean, “Bigarren hasiera” izenburukoan, ospitaletik irteten da, eta bizitzari aurre egiten, bere sentimenduak gidatzen, ikasi behar du: bizirik dago, bizirik dirau.
Liburuaren estiloari dagokionez, esango nuke oso egitura osatutakoa duela, “A”-tik “Z”-ra heltzen da pertsonaiekin; 100 ataltxo. Biribila da ibilbidea.
Libe, 2017

 

Mesfidati heldu niola aitortu behar dut. Nagi. Eskola garaian liburu bat halabeharrez irakurtzen nueneko sentsazio haietara bueltatu izana edo, azken batean, nik aukeratutako irakurgaia izan arren. Eta ustekabe atsegina izan dela onartu behar dut, lehenengo pertsonan…
Alaine Agirrek helduentzat idatzitako lehen eleberria dugu hau.  Harrigarria gerta dakiguke, hala ere, haur-literaturatik halako nobela estilo gordinera egindako jauzia. Harrigarria ere darabilen indar handiko idazkera; protagonisten izenak, A, W, B, C, Gorria…; kapitulu kopurua (100). Ez da kasualitatea. Kasualitatea ez den moduan erabilitako hizkuntza gordina, fisikoa eta estilo zuzena. Eta balizko kasualitateak argitzen joan dira berak bizi izandako gaixotasunaren esperientziatik idatzi duela jakin dudanean. Eta garai batean Fisika ikasketetan aritu izan zela jakin dudanean, ez zaizkit horren queer iruditu.
Bermeotarrak, protagonistaren psikosiaren erraietatik maisuki harilkatutako tramaren barrena darama irakurlea, biszeraltasunez, errepikapenez eta zehaztasun obsesiboz. Horretan ere, “asmatu duzu, Alaine” esaten diot, bigarren pertsonan…
Euskal emakume idazleen belaunaldi berriaren (Ana Jaka, Uxue Alberdi, Irati Jimenez…, esaterako) nortasun handiak emandako must horietako bat dela deritzot.
Lehen, bigarren eta hirugarren pertsonan idatzitako “infernura joan–etorri bat” dela dio Miren Agur Meabek bere hitzaurrean. Norberak aukeratuta edo halabeharrez, igual dio. Ez zaitu epel utziko.
Tomas Lakarta, 2016

 

Alaine Agirreren liburua aukeratu nuen, eta hautuan asmatu nuela uste dut. Asmatu nuela esan dut, eta, jarraian,  hori azaltzen ahaleginduko naiz.
Hasteko, aitortu behar dizuet liburuan jorratzen den gaia —buru-galtzea edo depresioa¬— oso interesatzen zaidala eta, era berean, hori izan zela liburu hau aukeratu izanaren arrazoietako bat. Ez da ohiko gaia euskal literaturan, are gutxiago 24 urteko neska batek plazaratzen badu, eta horrek, zinez, atentzioa eman zidan.
Odol mamituak du izenburua liburuak, eta sano aproposa dela esango nuke; izan ere, odolaren presentzia etengabekoa baita narrazio osoan. Horretaz gain, gaiaren trataera berezia egiten du, oso hizkuntza fisikoa baitarabil. Buru-galtze  prozesuaren deskribapenak zehatzak eta gordinak dira,  eta, bere horretan, oso ondo adierazten digu bere gorputzak pairatzen duena. Askotan gure gorputza bera uzkurtzeraino.
Hala ere, ez da dena sufrimendua eta mina, liburuak oso pasarte umoretsuak baititu; esaterako, zoroetxeko kideen deskribapenak edo medikuntza alternatiboari zein ofizialari egindako gaitzespenak.
Orain arte esandakoa irakurri ostean, baten batek  irudika lezake Odol mamituak liburua zaila dela; baina ez, inondik inora ere. Hori baita Alaineren beste dohainetako bat: hizkera arina eta erritmikoa darabil; paragrafo luzeak eta laburrak tartekatuz, irakurketa arina eta gozagarria ahalbidetzen du.
Bukatzeko, liburuaren  hasierako aipu batekin bukatu nahiko nuke: «gorroto ditut emozio moderatuak». Beraz, zirrara moderatuak gorroto badituzue, hemen duzue zuen liburua. Ez zaizue damutuko!
Esti, 2015

Txiki-txikitatik ezagutzen dut Alaine Agirre. Bermeotarra izanik, nire semearen laguna da, eta nik neuk ere, bere eskolako irakaslea izanda, aspalditik ezagutzen   dut. Horregatik, Alaineren lehen eleberria irakurtzeko motibazio berezia  izan dut eta gustura irakurri dut, nahiz eta jakitun egon tratatzen duen gaia nahiko gogorra eta gordina dela: eromena.
Beti izan du Alainek irakurtzeko eta idazteko aparteko zaletasuna, eskola-garaian beste ikasle gehienek agertzen ez zutena. Alainek, idazteko zaletasun horretan,  oso goiz erakutsi   zuen   gai zela ipuin bati bere ukitu  pertsonala emateko eta   istorioak garatzerako gaitasuna zuela. Besteak beste, beti irabazten zituen  eskola eta eskolen arteko ipuin lehiaketak; geroago, institutukoak ere. Bere ibilbidean, sari garrantzitsuagoak jaso dituen arren, ondo gogoratzen ditut bere lehen urratsak.
Alaine Agirrek, gaitz psikologikoak jota dagoen emakume bati buruzko lana garatzen du Odol Mamituak eleberrian; idazlearen lehen eleberria da. Neska baten joan-etorriari heldu dio lan honetan: eromenetik sendabiderako ibilbidea. Krisialdi pertsonal batean zegoela idatzi  zuen Alainek lehen kapitulua idazteari, minez, idazleak memento horretan eritasun psikologikoa sufritzen zuela.
Miren Agur Meabek liburuaren hitzaurrean deskribatzen du «Infernurako joan-etorri bat» modura Agirreren istorioa. Buruko gaitz batek jotako emakume gazte baten gorabehera gogorrak biltzen ditu obrak, 193 orrialdetan eta 5 kapituluetan. “Krisialdiak, itomena, ezina, erietxea, eritasunetik ateratzeko saiakerak …” dira sakabanatuta agertzen diren gaiak.
Liburua ondo egituratuta dago. Bost kapituluek A-ren ibilbidearen gorabeherak ezagutzera eramaten gaitu. Pertsonaiek ez dituzte izen arruntak, alfabetoko hizkiak baizik. Ehun azpi-kapituluetan banatzen da eleberria. Horietariko asko oso laburrak dira; baten bat esaldi bakar batez osatuta.
Helduentzat egin duen lehen eleberri horretan eromenerantz amiltzen den A izeneko protagonistaren ibilbidea kontatzen digu. Eleberrian agertzen diren gai nagusi errepikatuak hauexek dira: amildegia, suizidio pentsamenduak, orekaren bilaketa, sendabidea. Gordina da, barrenetik kontaturikoa, tripetatik.
Hala dio Alaine Agirrek bere eleberriaren aurkezpenean: «Idatzi nuen barruko bulkada batez, erraiak bistan jarriz, eta indarrez, botaka egiten den bezala».«Lehenago maitasunari, iraultzei … bizitzari buruz idazten nuen, baina, iluntasun momentu bat heldu zen nire bizitzara, eta kontatzeko neuzkan maitasun istorio, iraultza … guztiak lapurtu egin zizkidan. Orduan, gaixotasunaren barrutik hasi nintzen idazten. Ez nuen idazten pentsatzen edo sinesten nuenari buruz, baizik eta, sentitzen eta bizitzen nuenaren inguruan».
Alderdi autobiografiko asko izan arren, ez da autobiografia. A protagonista Alaine da? – Ez dakigu. Gauza askotan, bai. Baina A ez da Alaine.
Izan ere, izenburuarekin lotuta, odolari, minari eta egonezinarekin bat eginda doan liburua dugu hau; sentsazio fisikoei gehien bat. Psikosiak buruan sortzen dituen nahaste korapilatsuak dira, nire ustez, landuenak eta garatuenak eleberri honetan literaturari dagokionez, edo jendaurrean irakurtzeko momentuan. Oso grafikoak dira erabiltzen dituen baliabideak. Sinonimoen erabilera ugaria denez, testua arin doa. Alaine Agirrek esaldi sinpleak, hitz zerrendak, eta poesiara hurbiltzen den hizkera eder eta estilizatua erabiltzen du, M. Agur Meabek liburu-azalean dioen moduan.
“Gorroto ditut emozio moderatuak” aipamena dago liburu hasieran. Eromenak zer dakarren jakiteko irakurle ausartari gomendatzekoa izango litzateke liburu hau. Irakurlea, aldiz,  bere bizitzako memento zail batean ari bada, ez nioke inola ere gomendatuko liburu hau. Ondoezean eta depresioan dabilenarentzat, printzipioz, ez da. Baina nork daki?  Literatura Alaine Agirrerentzat  terapia izan den bezala, eta batez ere liburu hau, baliteke saminduriko irakurleren batentzat ere lagungarria izatea eta barruko zauriak ur gaziz sendatzeko baliogarria izatea.        
Mirene (2015)