Orhoit gutaz

 

Saiakera-lanak mardul eta burutsuak izaten dira usu, eta, horrexegatik, astunak eta nekagarriak ere bai, ia beti. Pedro Alberdik, ordea, maisutasunez erakusten digu –saiakerei buruz ditugun aurreiritziak hankaz gora jarriz–, saiakera-testuak interesgarriak ez ezik, dibertigarriak ere izan daitezkeela.
Naturaltasun handiz, hainbat plano josten ditu Orhoit gutaz saiakera sarituan (Juan Zelaia Saria 2003): errealitatea eta fikzioa tarteka nahasten ditu, eta oso efektu jostagarria sortzen du, non haien arteko mugak ezabaturik errealitate berria eraikitzen baitu: errealitate mitikoa, errealitate utopikoa, errealitate literarioa.
XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako giro kulturalaren zein gizartearen erretratu zabala eskaintzen digu Alberdik, eta, ikuskera anitzaren bidez, orduko euskal gizartearen deskribapen bitxia egiten du. Eta bitxia, zergatik? Esandakoagatik; hots, fikziozko pertsonaiak txertatzen dituelako: Camilo Lizardi erretorea, kasu, Atxagaren Obabakoak liburuaren lehenengo ipuinaren protagonista; edota Mugatseko morroi txikia eta haren maistra, Atxagaren “Post tenebras spero lucem” ipuineko protagonistak.
Esan gabe doa Pedro Alberdiren saiakera hau Atxagaren obrari omenaldia ere badela, liburuaren argumentu-ardatz nagusienetakoa baita. Biziberritzen du Atxagaren ipuineko fikziozko pertsonaia (Camilo Lizardi erretorea), eta harreman estuan jartzen du egiazko beste pertsonaia batekin, Domingo  de Aguirre abade ondarrutarrarekin –euskal literaturaren historian Txomin Agirre izenaz ezaguna eta Kresala eta Garoa eleberri ospetsuen egilea–.
Pedro Alberdik iradokitzen du Txomin Agirreri zuzendua zela Obabako erretore-etxean aurkitutako gutuna. Abiapuntu bitxi horri segida emanez, Txomin Agirrek berak garai hartako beste hainbat pertsonarekin zuen erlazioa aitzakiatzat hartuta, hainbat pertsonaia dakartza liburura: idazleak, bertsolariak, politikariak, pintoreak, sindikalistak eta abar. Eta guztien artean collage moduko aurkezpen korala egiten du.
Testuinguru honetan, argitara ekartzen du garai nahasi haietako zenbait auzi, gerora ere soka luzea ekarri dutenak. Esaterako, Unamunoren “La cuestión del vascuence” izenburuko artikuluak zeresan handia eman zuen, eta euskal kulturaren ikuspegitik betiko markatu zuen idazle bilbotar unibertsala.
Unamunoren beraren eskutik, amaiera eta izenburua ematen zaio Orhoit gutaz saiakera labur (129 orrialde) eta gogoangarriari. Behin baino ez da aipatuko izenburua saiakera osoan. Miguel de Unamunok, Hendaian erbesteraturik, igandeko ibilalditxo batean, Biriatuko elizatxoko hilarri baten goiburuan irakurri zuen Orhoit gutaz horrekin, izan zirela eta ahantz ez ditzagun eskatzen digu. Bejondeiola!
Jabi (2015)