Piztiaren begiak


Eleberri beltzak oso gustuko ditut: horregatik aukeratu nuen eleberri hau; horrez gain, Amaiak gomendatu  zidalako.

Hiru protagonista nagusi ditu eta eleberriak beraien arteko erlazioa mahigainerazten du.

Xabier  ETAko kidea zen; orain, espetxetik irten berria denean, Iruñeko hilerrira sartu, eta hilobi bat bortxatu du. Haren mendekuaren hasiera besterik ez da.

Jonen bizitza guztiz aldatu zen haren  emazte eta alaba auto istripu batean hil ziren egunean;  orain, hamaika urte beranduago, bere bizitza berreraikitzen ari denean, hura istripua ez zela izan esaten duen eskutitz bat jaso du. Eskutitzean  segurcom enpresaren  logotipoa agertzen da.

Dasilva Iruñeko brigada antiterroristako inspektorea zen; bere  tortura basatiek ospe beltza ekarri zioten 90eko hamarkadan. Orain  enpresari arrakastatsua da, segurcom enpresaren jabea, hain zuzen ere, eta bere iraganeko mamuei aurre egin beharko die.

Asko gustatu zait, euskara maila ulergarria baitauka, eta argumentuak  hasieratik harrapatu bainau; gainera, irakurleak, liburua irakurri ahala, hiltzailea nor den zalantzan jartzen du behin eta berriro. Horrek jakin-mina areagotzen du,  liburua amaitu arte. Oso gomendagarria.

Izaskun

 

Piztiaren begiak nobela beltza da. Eleberriak genero horren ezaugarri guztiak bete ditu: krimena argitzeko beharra, errealismo idazkera zuzena, giro iluna eta patu etsigarria.
Hiru pertsonaia nagusien bizitzak nahasten dira: batetik, Xabier Betelu, ETAko kide ohia, espetxetik atera berria; bestetik, Dasilva, Iruñeko Brigada antiterrorista aritua; azkenik, Jon Iriarte, familia ezbehar batean galdu zuena. Haien artean hilketak, gezurrak, mendekuak… izaten dira eta liburuan zehar argitzen doaz.
Nobela beltzaren giro iluna lortzen du idazleak, nahiz eta deskripzio luzerik ez egon. Hori dela eta, liburuak erritmo bizia dauka.
Nik nobela hau gomendatzeko hainbat arrazoi aurkitu dut: esaldi laburrak ditu eta erraz irakurtzen da; misterioaren eta suspensearen bidez, irakurlearen arreta bereganatzen du, eta amaiera arte eusten dio intrigari.
Istorioa jakin-minez irakurtzen da eta aitortu behar dut ezin utziz ibili naizela, korapiloa askatu arte.

 Leire (2015)