Riomundo


Jon Maiaren familiaren historia dugu hau, Rachastarrena, eta desterratuen patua kontatzen digu. Pedro Senen Ismael Sierra eta Maria Luisa Valderrama familiaren erbesteratze-bidearekin hasi, eta Jesucristo haren semearen desterruarekin amaitzen da.
Sarri aipatzen duen gaia da, bertsotan zein kantetan. Izan ere, Pirritx eta Porrotxen «Abuela Maria Luisa» kanta eta liburu honetako protagonista pertsona bera dira.
Maisutasunez aritu izan da hizkuntzaren erabileran: extremadurarrak aise jartzen ditu euskaraz, eta erdarazko hitzak natural tartekatzen dituzte.
Bestelako baliabideak ere polito erabili ditu: pentsamendu poetikoak, egungo kulturari egiten dizkion keinuak eta ironia, besteak beste.
Liburu entretenigarria, hunkigarria eta dramatikoa da; bizitzari kantu bat.
Merezi du Riomundo irakurtzea.
olatz, 2016


Gai nagusia hauxe da: guda ostean, industria-iraultza zela eta Espainiatik familia asko etorri zirela Euskal Herrira bizitzera.
Eta bizitzera hitza azpimarratu nahi nuke, zeren, azken finean, lanera etorri, bai, baina normalean bakarrik familiaburuak egiten zuen lan, eta emaztea eta seme-alabak moldatu behar izaten ziren garai hartako bizimodura.
Nire ustez, eleberri honen ezaugarri nagusia deskripzio hauek dira: paisaiak, jaki eta ondasun eza, lantegien giroa, jendearen atsekabea, sindikatuen hasiera, poliziaren papera eta abar.
Seguruenik, askori oso hurbila eta ezaguna egiten zaigu gai hau: batzuetan, gure gurasoak Espainiatik hona etorri  zirelako; besteetan, hemengoek kontatu digutelako nola bizi izan zuten “kanpotar”  haien etorrera.
Iritzia plazaratu beharrean, eskerrak eman nahi dizkiet hauei: seme-alabengatik hainbeste eta hainbeste lan egiten duten gurasoei, boterearen nagusikeriari aurre egiten diotenei, ohiturak zaintzen saiatzen direnei, kulturartekotasuna era baketsuan batzen saiatzen direnei eta, azken finean, mundua leku hobea izatearen alde lan egiten dutenei.
Horiei guztiei, ESKERRIK ASKO!
Dabid, 2015