Sisifo maite minez

Eleberri honetan, Laura Mintegik maitasunaren eta Sisiforen mitoaren arteko konparazioa egin du. Nahiz eta maitasunean suerte txarra izan eta gauzak gaizki atera; ez dugu etsi behar; Sisifok bezala, aurrera egin behar dugu.
Ane, istorio honen protagonista, Jonekin ezkondu eta bi alaba ditu. Egun batean, alaba gazteenak kolpetxo bat hartzen du, eta ospitalean Mikel medikuak sendatzen du. Gizon hori ezagutu arte, Anek ez zekien zer zen benetan maitemindurik egotea. Harentzat, maitasuna ziklo lineal bat zen: jaio, hazi, ahuldu eta hiltzen zena. Baina, hortik aurrera, konturatzen da maitasuna ustekabekoa dela –zuri-beltza, korapiloz beterik dagoena–. Orduan, denbora gutxian, elkarrekin maitemindu eta Anek bere familia bertan behera uztea erabakitzen du, ezertxo ere esan gabe.
Hasieran, Anek pentsatzen du benetako maitasuna aurkitu duela; haien artean desioa, maitemina… sortu direlako. Denborarekin, berriz, haren sentimendu horiek aldatzen joaten dira eta horrek beste arazo batzuk eragiten ditu: bakardadea, jeloskortasuna...
Sei urte pasa ostean, Anek etxera itzultzea erabakitzen du; baina ez da erraza izango. Haren bihotzean eta buruan hainbeste sentimendu korapilatsuak daudenez, psikologoaren kontsultara joatea erabakitzen du, laguntza eske. Psikologo horrek, hainbat datu bildu eta gero, Aneren sentimenduaren zergatia haren iraganean aurkitzen dela konturatzen da: haren ahizpa hilik agertu zen; bere amak ez zion jaramonik egiten, etab. Eta azkenik, Anek barnean duen sekretu gogorrena askatzen du.
Maite, 2017


Maitasunari buruzko hausnarketa sakona egiten du Laura Mintegik eleberri honetan. Maitemintze prozesuari hainbat sentimenduk eragiten diote, hala nola: gabezia, pasioa, jeloskortasuna, inbidia… eta idazleak horiek guztiak ikertzen ditu pertsonaien artean sortutako harremanetan.
Ane, eleberriko protagonista, hogeitaka urteko etxekoandrea da. Jonekin ezkonduta dago, eta urte gutxiko bi alaba ditu. Goiz batean, bere alaba txikiak besoa apurtu, eta ospitalera eramango du. Orduan ezagutuko du Mikel. Mikelek, alabaren medikuak, Aneren bizitza hankaz gora jarriko du. Pasio kontrolaezina eragingo  du Anerengan, eta horrek senarra, alabak, lagunak eta bizimodua alde batera uztera bultzatuko du. Zazpi urte beranduago etxera bueltatuko da lur jota, eta hori da, hain zuzen ere, eleberriaren abiapuntua.
Aneri gertatutakoa aitzaki hartuta, idazleak protagonistaren bizitza eta izandako harremanak aztertuko ditu. Anek biziko dituen harremanak ez dira berdinak izango, bai, ordea, haren jokabidea. Behin eta berriro errepikatuko du ibilbidea; guztia izatetik ezer ez izatera pasatuko da denbora gutxian, eta harreman berri bakoitzarekin hutsetik abiatu beharko du berriro ere. Erabat aldatuko da haren bizitza maitasun berri bakoitzarekin.
 Sisifori beste horrenbeste gertatu zitzaion. Horregatik hartu zuen idazleak haren izena eleberriaren izenburu gisa. Sisifo ere harritzar bat maldan gora eramatera zigortu zuten jainkoek; gailurrera iritsi baino lehenago goitik behera erortzen zitzaion harria, eta behin eta berriz hasi behar izaten zuen.
Aneren jokaeraren oinarria iraganean hautematen da eleberri osoan zehar, baina idazleak ezustekoa sortzen digu ,eta amaiera arte ez dugu arrazoia ulertuko.
Bi narratzaile erabiltzen ditu historia kontatzeko: Ane eta idazlea bera, lehenengo pertsonan kontatuko ditu bere esperientziak eta bizipenak; eta bigarrenak, ordea, hirugarren pertsonan ikertuko dizkigu eleberrian agertutako beste istorioak.
Bi denbora dira nagusi; orain zazpi urtekoa (oroitzapenen hausnarketa), eta oraingoa (iraganeko erabakien ondorioak).
Oso eleberri gomendagarria da, ondo idatzita dago eta erraz eta gustura irakurtzen da.

Beatriz

 

Nork ez du sentitu inoiz maitasunaren zama? Ba al dago maitasuna baino sufrikario handiagorik? Ba al dago maitasunak baino gehiago mugiarazten gaituenik? Zergatik sartzen dute hanka batzuek behin eta berriz antzeko harremanak bilatzen? Ba al dago maitasuna baino gai unibertsalagorik?
Zenbat libururen eta abestiren gaia da maitasuna? Liburu honetako gaia maitasuna da. Berriro ere maitasun-istorio bat da liburuaren ardatza. Baina liburu hau berezia da goiko galdera horiei erantzuten saiatzen delako. Gainera, proposatzen diren erantzun batzuk zientifikoak dira neurri handi batean, sentimenduak modu zientifikoan aztertu ahal diren neurrian.
Egituraren aldetik ere bitxia da liburua. Alde batetik, Anek (protagonista) psikoanalisi-saioetan esaten duena letra etzanez adierazten da eta narratzaile orojakilearen komentarioekin tartekatzen da, letra arruntez. Bestalde, denboran ere atzetik aurrera dabil: psikoanalisi-terapiarekin hasten da eleberria, eta hori bukatutakoan amaitzen da. Dena den, oso argia eta irakurterraza da.
Argi dago Laura Mintegiren eleberri honekin ez dela agortuko maitasunaren gaia, baina bat nator berak esaten duen egia biribilarekin: maitasuna bilatzeak bizirik gaudela erakusten digu.

Silvia