SPrako Tranbia

 

Tranbia hartuta, Lucasek bidaia hasi zuen: iraganetik etorkizunerako bidaia, orainaldian etenaldi arinak eta bat-batekoak eginda. Estropezuak bezalakoak, ustekabean. Jaiotzatik heriotzarako bidaia nekagarria, baina zoragarria: bizitza.  Lucasen bizitza.
Lucasek geltoki batetik bestera eramango gaitu eta, film batean bezala, haren bizitzaren eszenak ikusiko ditugu. Batzuetan, bera da gidaria; sarritan, leihatilatik begira dagoen bidaiari bakartia bihurtzen da, eta, askotan,  pilotu automatikoak eramaten du. Azken  bolada honetan,  batez ere, buruak ihes egiten dio. Eta gehien gustatzen zaiona zera da: zortzimilako mendiak; tranbiara igotzea Rosarekin; Rodrigo, bere etxeko sitsa, eta... txokolatea!
 Eta hauxe da, hain zuzen ere, Unai Elorriagak eleberri honetan kontatzen duena: Lukasen eromen-prozesua zahartzaroan. Baina Lucas ez dago bakarrik bidaia horretan; lagun hauek ditu bidaide: Maria, orain bera zaintzen duen arreba umoretsua; Rosa, aspaldi hil zen emazte maitagarria; Matias, haurtzaroko lagun abenturazalea; Marco eta Roma gazteak, etxean sartu zaizkion maitale okupak ...
Pertsonaien arteko konplizitatea handia da, eta elkarrizketak oso bitxiak dira. Surrealismo kutsua ere sumatzen da batzuetan. Eguneroko egoera arruntak erabiltzen ditu gizartearen argazkiak ateratzeko eta kritika egiteko: telebista aurrean elkartzea, auzokideekin harremanak eta lan-harremanak, ospitaleko bisitak...
 Pasarteak laburrak dira, eta atzera eta aurrera egiten dute denboran,  Lukasen buruak bezala. Liburuak forman ere bat egiten du gaiarekin. Unai Elorriagaren estiloa zuzena eta zehatza da, erretorikarik gabekoa baina sentiberatasunez betea. Gaixotasuna modu hunkigarrian eta umoretsuan deskribatzen du.  
Nik gustura egin dut bidaia Lucasekin, eta animatu nahi zaituztet SPrako tranbian igotzen... txokolate zatitxo batekin!

           Jone (2014)

                                                

Liburu hau hiru arrazoirengatik aukeratu nuen: lehenik, Espainiako sari nazionala izan delako (2002); bigarrenenik, Unai Elorriaga Algortakoa delako, eta, azkenik, liburu laburra delako: 160 orri baino ez ditu.
Liburu honetako protagonistak hauexek dira: alde batetik, Lucas,  burua galtzen hasitako 93 urteko agurea: berak eramaten du eleberriaren ildo nagusia;   bestetik, Lucasen inguruan bizi diren pertsonak: Maria (harekin bizi den  arreba), Marcos (mutil gaztea: lanik ez dauka eta okupa gisa sartzen da Mariaren eta Lucasen etxean) eta Roma (Marcosen emaztegaia).
Nahiz eta gaia gogorra izan —zahartzea, gaixotzea…—, umoretsua da. Samurtasuna eta umorea uztartuta daude liburu honetan. Estilo zuzena du, esaldi motzak erabiltzen ditu eta, noizean behin, esaldiak bukatu gabe daude, agian dementzia hurbiltzeko.
Niri gustatu zait eleberria, oso gustura irakurri dut. Kontakizuna saltoka dabil orainaldiaren eta iraganaren artean, Lucasen burua dabilen bezala. Istorioa hirugarren pertsonan eta iraganean kontatzen da eta pertsonaien hausnarketak, berriz, lehen pertsonan eta orainaldian. Gomendagarria!

Isabel (2014)

 

SPrako tranbia liburua ez nuen edonola aukeratu. Arrazoi  edo kointzidentzia batzuk daude erabaki  horren atzetik:  lehenengoa, txikitako ikaskide  baten izen-abizen berdinak dituela  idazleak, hau da, Unai Elorriaga; bigarrena, ni bizi naizen udalerri berean bizi dela idazlea, Getxon; hirugarrena, semearekin Unaik idatzitako azken liburua irakurri nuela, Iazko hezurrak; eta, azkena,  liburuan oinarritutako filma ikusita nuela- baita asko gustatu ere-, Txokolate apur bat.
Unai Elorriagak bere lehenengo nobela honi ospitalean ematen dio hasiera. Lucasi ebaketa egin diote eta, nahiz eta ondo atera, protagonista burua galtzen hasi da. Istorio guztia bizitzaren amaieran dagoen agurearen inguruan ari da, eta horren buruan errealitatea, oroitzapenak eta oroitzapentzat ematen dituen erokeriak nahasten dira. Shisha Pangma zortzimilakora igotzea amets duen Lucasen kontakizuna hunkigarria da. Horrek tranbiak maite ditu, eta, jadanik desagertuta egon arren, oraindik ere tranbian bidaia egin dezake, baita bere Rosa maitea igotzen ikusi ere. Nahiz eta gaia garratza izan, oso modu maitagarri eta lasaian idatzita dago.
Liburuan, beste pertsonaia batzuk agertzen dira Lucasekin batera, hala nola Maria, beti ondoan duen arreba, eta Marcos, okupa moduan haiekin etxean sartu den gaztea.  Garrantzitsuenak horiek biak direla esan beharra dago.
Ez dugu narrazio lineal bat ikusten, baizik eta zirkulu txikiak eginez aurrera doana. Eta liburuaren atzeko partean idatzita datorren  esaldian ederto islatuta ikus daiteke eleberri honetan topa daitekeena: “Protagonisten artean solasaldi txinpartatsuak topatuko ditugu, pasadizo xelebreak, erromantizismo samurrez edo sentsualtasun lotsati batez beteriko pasarteak, edo lente distortsionatu batekin ikusiagatik guztiz erreala zaigun egunerokotasun bat”.
Hasieran esan dudan bezala, liburu honetan oinarrituta film bat egin da: Txokolate apur bat. Horren zuzendaria Aitzol Aramaio izan da, eta Algortako portu zaharrean kokatzen du Lucasen istorio hunkigarri hau.
Horretaz gain, 2010. urtean, Juanra Madariagak,  poetak eta mendizaleak, Tibeten dagoen SP (8.027m) mendira egin zuen espedizioan, SPrako tranbia liburua izan zuen  bidelagun. Eta han, mendi puntan zegoela, liburuaren azkeneko partea irakurri zuen. Haren liburua, eSPedizioa: mendi ororen pisua, literaturan eta ingurune hartan finkatutako harreman hartatik sortu zen.
Miren, 2015