Sua falta zaigu


Zazpi narrazio biltzen dira Sua falta zaigu liburuan. Sutan jartzen duten gertaerak dira, inoiz itzaliko ez diren bizipenak: maitasuna, gizarte-eredua, frustrazioa...
Liburuak adierazten du zigarroa erretzeko irrikaz dauden hamalau urteko bi nerabek, sua lortzeagatik, agure zahar baten eskuetan gorputzak igurtzen uzteko kapaz direla; edo gaztetan maitemindu zuen homosexual  hori neska batekin ezkonduko dela; Ness lakuaren inguruan, ostalari baten edari magikoak etorkizuna irakurtzen duela; bihar gerta daitekeena jakiteak, ez jakitearekin alderatuta, pertsonarengan beldurra areagotzen duela…
Sua falta zaigu izenburua duen kontakizuna nerabezaroaren metafora gisa uler daiteke. Garai horretan haurtzarotik ateratzear dauden umeek mundu berri bat dutela eskura dirudi, ezerk ez dituela geldituko. Baina errealitatea inposatzen da: eragozpenak, mugak, debekuak... nahiko garai frustrantea da. Kontakizuneko neskek tabakoa lortu dute erretzeko; hori dela eta, badirudi helduen munduan sartzeko prest daudela, baina sua falta zaie, ezin dute zigarroa piztu. Nerabezaroko desengainuak, insatisfazioak… munduak zerbait zor dien sentipena dute. Bitxiena da nerabezaroa utzi, eta berdin jarraitzen dugula. Tabakoa lortzen dugu, baina surik ez. Edota sua badugu, eta orduan tabakoa galtzen dugu. Asebeteta, inoiz ez.
Insatisfakzioaren hainbat aurpegi deskribatu nahi izan omen ditu Katixa Agirrek. Gizakion larrialdiak, interes-talkak, komunikazio-arazoak eta harremanen arrakalak azaltzen zaizkigu.
Bukatu gabeko narrazioak ditugu hemen; norberak nahi duen amaiera emango dio kontakizun bakotzari; nork bere esperientzia, asmo eta ilusioekin biribildu dezake Katixa Agirrek emandako aukera.
“Gaur da atzo, eta bihar gaur izan daiteke. Atzokoa da biharkoa. Biharkoa da betikoa”. 
Zigor, 2016

Katixa Agirre idazlearen lehen liburua dugu hau. Zazpi ipuinez osaturikoa. Giza harremanak  dira istorio guztien ardatz: harreman minak, ez-konbentzionalak, ezerosoak. Lehendabiziko orritik irakurlea harrapatzen duten istorioak dira, eta jarraian zer gertatuko den jakiteko grina pizten dute. Pertsonaiekin identifikatzea erraza da. Irati Jimenez idazleak esan duenez, “liburu honek neure buruaz hitz egiten du”; liburuan agertzen diren bizipenak norberari edo ingurukoei gertatu ahal zaizkie. Dena den, hurbiltasun horrek ez du istorioen interesa murrizten.  Falta, beharra, asimetria, bilaketa, hutsuneak, malenkonia…  pertsonaia gehienak zerbaiten faltan daude: ez dute asebetetzen dituen harremanik; arrakalak dituzte bihotzean.
Katixa Agirreren estiloa zuzena da: esaldi motzak, erraz irakurtzekoak, gehienetan lehen pertsonan kontaturikoak. Ironiaz eta sormenez beteriko istorioak. Pertsonaiak, askotan, muturrera eramaten ditu, baina sinesgarritasuna galdu gabe. Ipuinen bukaera zabalik geratzen da, biribildu gabe, eta pertsonaia horiekin etorkizunean zer gerta daitekeen gure buruari itauntzen geratzen gara.
Lehendabiziko istorioa, “Sua falta zaigu”, lehen zigarroak partekatzen  dituzten  bi neraberen arteko laguntasun-istorioa da. “Ness lakuko zooplakton haragijalea” istorioan bikote gazte baten harreman korapilatsua dakarkigu idazleak, esoterismo-tanta batzuek zipriztindua. “Hirugarrenik Asier”, traizio  baten kontakizuna da, nire ustez liburuko barregarriena. “Festa gonbidatuak” pasa den mende erdiko Pennsylvaniara garamatza, bi emakume idazleren maitasunaren berri emateko. “Kafe-makina elektrikoa” ipuinean kafe-makina bihurtzen da protagonistetako bat. “Arazo bat berez” istorioan adin-alde nabaria duen bikote baten gorabeherak jorratzen dira. “Horrela bukatu”,  liburuko azken narrazioan telefono-dei  asaldagarriak agertzen dira.
Laburbilduz, Katixa Agirreren Sua falta zaigu giza harremanei buruz hausnartzeko liburu biribila eta narritagarria da. Gomendagarria oso.

Javier