Suminaren estrategia


    Intrigazko nobela bizia osatu nahi izan du Fernando Morillok Suminaren estrategia liburuarekin; izan ere, irakurgai osoan zehar intriga eta gertaera misteriotsuak suertatuko zaizkio liburuaren protagonistari, Aimar Goikoetxeari.
    Antropologoa dugu Aimar eta, tarteka, idazle lanetan ere  jarduten du. Egun batean, emakumezko baten dei bitxia jasotzen du, eta horrek egindako proposamena, are bitxiagoa: andrearen ustez, Aimarrek dohain bat dauka, errealitatea moldatzeko dohain bat, alegia; gure protagonistari diru mordoa eskaintzen dio, haren ondotik urrundu den semea berriro albora erakartzea lortzeagatik. Fede izena duen semea emaztegaiarekin dagoenetik amarengandik urrundu egin da, neska eta amaren arteko iskanbilak direla eta.Eskaria betetzeko, Aimar informazio bila hasiko da, baina neskaren iraganean arakatzen hasten denean,  konturatuko da lan ilun eta misteriotsua daukala esku artean.
    Hizkuntzari dagokionez, “euskaldun zaharrek gozatzeko eta euskaldun berriek ondo ulertzeko moduko euskara” bilatu duela aitortu du idazleak, eta, nire iritziz, horrela da. Oso nobela arina eta irakurterraza da. Lexiko erraza ez ezik,  elkarrizketa arinez  osatutako kontakizuna ere topatuko duzue.  Entretenitzeko nobela dugu hau. On egin dagizuela!

Alberto (2015)