Telleria eta gero, zer?

Biografia:
Ernesto Prat Urzainki, Little ezizena duena, (Berriozar, 1978ko irailaren 25a) idazle nafarra da. Nekazaritzari eta zurgintzari lotutako ikasketak egin zituen eta alor askotan aritu da lanean. Skalariak taldearekin sei urte egin zituen eta Kalapite taldeko kide izan zen.
2008an, Guardia Zibilarengandik ihes egin eta idazten hasi zen. 2009an, Pyrenaica aldizkariaren mendi-ipuinen IV. lehiaketan lehen saria eskuratu zuen eta, 2012an, Iruñeko Udalak antolatutako egile berrientzako euskarazko XXIII. Literatura Lehiaketan hirugarren saria irabazi zuen. 2013. urtean, lehen eleberria argitara eraman zuen eta, 2014an, klandestinitate politikoa eta sexua uztartzen zituen Orpoz orpo eleberria idatzi zuen.
2017an, Baztanen antolaturiko (H)Ilbeltza euskal nobela beltzaren asteko kideetako bat izan zen.

Bibliografia:
•    Hiru ilargi laurden (2013)
•    Orpoz orpo (2014)
•    Telleria eta gero, zer? (2017)

Gidoia:
Resurrección Elizalde, Lurra adiskideentzat, neska inkonformista da. Magisteritza-ikasketak baztertu ondoren, eta independentzia ekonomikoa lortzearren, Dantzarineako borda batean hasi zen lanean. Txarto ordaindutako lanbide neketsu hori utzirik, erizaintzako behe-mailako ikasketak egin zituen. Gurasoen kontaktuak baliagarriak izan zitzaizkion Elizondoko psikiatrikoan lanean hasteko. Hala ere, laster aspertu zenez erietxeko lan horretaz, soinu-ikastaro batean matrikulatu zen musikaren munduan sartzeko.
Amaitu ondoren, gaztetxez gaztetxe eta jaiez jai, gogoko zuen lanean jardun zuen. Halako batean, Saran antolatutako kontzertu batetik zetorrela, Guardia Zibilak errepidean haren furgoneta geratu eta alkohol- eta droga-proba egin zion. Emaitza positiboa izan ondoren, agenteek neskaren identitatea ziurtatzeari ekin zioten. Orduan, konturatu ziren Arizkungo parlamentario baten alaba zela, eta, lehen aldia zenez, kargurik gabe libre utzi zuten.
Poliziak furgoneta miatzean, Triku izeneko txakurrak alde egin zion Lurrari, eta, horren ostean joan zenean, giza hezur batzuk aurkitu zituen, zabortegi batean.
Hori da eleberriaren abiapuntua. Horren ondoren,  hainbat pertsonaia eta herriko mugimendu agertzen dira. Horietariko bat Telleria eta gero, zer? da, Baztango espekulazio urbanistikoaren kontra dagoena.
Familia batzuen istorio ilunak deskribatzen dira Prat Urzainkiren lanean. Istorioaren bilbea familia batzuen jatorriz zilegia ez zen ondarearen inguruan antolatuta dago —hurrengo belaunaldiek gurasoen urratsei jarraitu ez bazieten ere—.
Zabortegian aurkitutako giza hezurrek agerian uzten dute baztandar batzuek arkeologia debekaturako zaletasuna dutela. Kontu hori are gehiago korapilatzen da zenbait familiaren espekulazio urbanistikoarekin. Horixe da, hain zuzen ere, Baztango gazteek gerarazi nahi dutena.

Iruzkina:
Narrazioaren garapen kronologikoa lineala da, egileak arazoen jatorrira joan nahi duenean izan ezik: Telleria jauregia, Iparragirretarren ondasunak eta horien familiaren barneko arazoak.
Hikako hizkera erabiltzen duenez, elkarrizketak hurbilak egiten zaizkigu. Ernestok erabiltzen duen euskara nafarrera jasoa da. Horrek errazten du irakurlearekin atxikimendu handiago lortzea.
Protagonistari dagokionez, Lurrari alegia, Milenium trilogiako Lisbeth Salanderrekin nolabaiteko antzekotasuna nabaritzen zaio, nahiz eta Lurra informatika alorrean horren aditua ez izan; baina, Lisbethena ez bezala, Lurraren konpromiso soziala handiagoa da.
Amaitzeko, nabarmentzeko modukoa iruditzen zait harritzekoa dela ikustea nola izan den gai Ernesto Prat eleberri hau idazteko, nahiz eta literaturarako prestaketa berezirik ez izan.
Jaime (2018)