Txartel bat (des)herrira


Badira bizitzan zerotik hastera eramaten gaituzten gertaerak. Batzuetan, geurea den kontu ñimiño bat soilik aldatzen saiatzen gara; besteetan, berriz, dena bertan behera uzten dugu (lana, lagunak, familia… eta herria¬), eta tupusteko gertaera horrek alde egitera bultzatzen gaitu, sortutako ondoeza ahazteko asmoz. Gero galderak datoz —baldintzazkoak batez ere—, baina erantzunik ez… 
Garazi Goiak, bere bigarren eleberri honetan, gaur egun hainbat arrazoigatik (nahiz eta liburuko horiekin zerikusirik ez izan) hain ohikoa den erbestearen gaia kontatzen digu. Haien artean garai eta denbora tarte handia egon arren, elkar gurutzatzen diren bi pertsonaia erabiltzen ditu horretarako: Peru erbesteratu egin dute; Ibai, berriz, atzerrira ihes egin du.
Idazleak hasiera baten korapilatsua izan daitekeen istorioa kontatzen digu, flash-backez josia —nabaria da lan horren atzean dagoen bilaketa historiko zorrotza—, eta, pertsonaia horien bideak elkartzen direnean, sentimenduz betetako elkarrizketa sakonak eta hausnarketak suertatzen dira. 
Zertan pentsatu ematen du, eta ez da gutxi.

                                            Jokin