Txistu eta biok

Liburuaren azala ikusita, haurrentzako txakur baten istorioa dela ematen du. Baina beste liburu mota bat da hau. Batetik, autobiografia bat da. Idazleak bere txakurrari diagnostikatu dioten gaixotasuna aitzakiatzat hartzen du beraren gogoetak eta hausnarketak azaltzeko. Bestetik, gaur egungo hainbat gai azaltzen ditu liburuan: txakurren eta jabeen arteko harremanak, kirola eta kultura, euskal gatazka, emakumeak eta gizonak, etorkinak eta errefuxiatuak, besteak beste. Gogoeta horien artean, askotan aipatzen ditu beste idazle batzuek esan edo idatzi dituztenak gaien inguruan.
Hala ere, idazleak trama bat ere sortzen du liburuan. Protagonistak bat-batean hilotz bat aurkitzen du kalean, Donostiako Artelekuaren ondoan, hain zuzen ere, txakurrarekin eguneroko paseoa ematen duen bitartean. Etorkin errumaniar baten gorpua da, eta ez dirudi gertaera horrek eragin handia izan duenik protagonistarengan. Baina egun batean ezezagun baten deia jasotzen du . Dei horretan, pen-drive bat eskatzen diote eta, horrez gain, mehatxuak ere jasotzen ditu. Berak ez du ulertzen zergatik mafia talde bat edo ertzaintza beraren atzetik dabiltzan. Trama honekin batera, amodiozko istorio bat ere txertatzen du idazleak: Karolinarekin, beste txakur baten jabearekin, duen harremana.
Nire ustez, liburu honen garrantzia ez datza idazleak asmatutako traman, baizik eta berak adierazten dituen gogoetetan, bere buruari eta gizarteari ikuspegi kritiko batetik begiratzen diolako.     
Mar, 2017