Udazkeneko lorea

Xabier Etxeberriak bakarka idatzitako lehenengo eleberri hau irakurle amorratuak direnentzat ez ezik, irakurtzeko edozein aitzakia behar dutenentzat ere egokia da: ez luzeegia, irakurtzeko arina, ulertzeko erraza eta pertsonaia gutxikoa.
Tartekatutako kapitulu laburren bitartez, Mikel, Naroa eta Lucíaren bizitzako pasarte batzuk eskaintzen dizkigu egileak, edozein pertsona arrunti gerta dakizkiokeenak bezalakoak. Horietan, pertsonen arteko harremanak, maitasuna, sekretuak, errudun-sentimenduak, egia eta gezurra biltzen dira. Are gehiago, eleberriaren ondorio nagusia  pertsonaia baten hitzetan laburbildu daiteke: “Sekretuek babesten gaituzte. Egia ez da beti kontatu behar: azken batean, egia, askotan, gezurraren aurpegi bat baino ez da”.
Mikelek, protagonistak, lagun baten ezkontza-egunean Lucía nola ezagutu zuen kontatzen du, baita berarekin bizi izandako uneak ere. Naroak, Osakidetzako etxez etxeko zerbitzuko langileak, gertutik ezagutzen ditu bezero batzuen familia-kontuen gorabeherak. Lucíak, errudun-sentimenduak askatu nahian, bere ahizpari eskutitz bat idazten dio.
Hobeto ulertzen laguntzeko, pertsonaia bakoitzari dagozkion kapituluak pertsona jakin batean eta denbora jakin batean kontatuta daude: Mikelenak, lehenengo pertsonan eta lehenaldian; Lucíarenak, bigarren pertsonan eta orainaldian, eta Naroarenak, hirugarren pertsonan eta orainaldian.
Kapituluak irakurri ahala asmatzen da hiru pertsonaia horiek osatutako triangelua. Xabier Etxeberriak ondo dosifikatutako informazio bitartez, irakurtzen jarraitzeko nahia areagotzen du irakurlearengan, ezusteko amaiera batera heldu arte.
Hori horrela bada ere, eta hasieran aipatutakoagatik oso gomendagarria izan arren, eleberri honi kritika hau egin dakioke: hainbeste kapitulutan zehar interesa eta jakin-mina sortu ondoren, modu ideialegi batez konpontzen da korapiloa. Seguruenik, amaiera borobilak gustuko dituztenak pozik utziko ditu.
Mª Julita Manzanos (2016)


Hauxe da bere bigarren eleberria, 2012an argitaratua. Lehenengoa Egun denak ez dira berdin izan zen, eta Igartza saria lortu zuen. Bi eleberri horien  artean, Martin Etxeberria anaiarekin batera, zenbait liburu idatzi ditu, besteak beste haur eta gazteentzat.
Udazkeneko lorea eleberrian hiru pertsonaren  bizitzen bideak gurutzatzen dira. Triangelu baten istorioa da, gizon bat eta bi emakumeren arteko triangelua. Lehenengo pertsonaia Mikel da.  Lagun baten ezkontzara doa; hantxe Lucía ezagutzen du, eta ohean amaitzen dute eguna.
Nobela atal txikietan zatituta dago, eta bakoitzean pertsonaien gertaerak kontatzen dira. Lucia bainuetxe batean dago, eta ahizpa Martari gutun bat idazten dio. Hirugarren pertsonaia Naroa da, Mikelen andregaia Osakidetzako langilea da, eta, ospitalean barik, gaixoen etxeetan lan egiten du. Haren gaixo bati zer gertatzen zaion  kontatzen du.
Hiru pertsonaien istorioak  tartekatzen ditu, hiruren bizitzen bidea gurutzatu arte. Hasieran amodiozko nobela ematen du, baina pertsonen arteko erlazioa da nobelaren gaia.
Harreman guztietan sekreturen bat dago, edo gezurren bat,  eta  isilpean gordetzen da; batzuetan hobe da egia ez ezagutzea. Amaiera ezustekoa da.
Oso entretenigarria eta ulertzeko erraza da; gainera, intriga mantentzen du amaiera arte.
Bitxikeria moduan daukagu izenburua. Zergatik izenburu hori? Irrati saio baten entzun zuen idazleak: pentsamendua udazkeneko lorea da. Irrati saioan loreei buruz aritzen ziren, eta Xabierri oso esaldi poetikoa iruditu zitzaion.
Bakoitzak udazkeneko lorea dauka, baina lore guztiak ez dira erakusten edo ez dira ikusten.
 


Paki